Beasaindik Ordiziara bidean doa Akirrok
Beasaindik Ordiziara bidean doa Akirrok (Korrika alderantziz), Korrika kulturalaren barruan antolatutako ekimena, eta hainbat lagunek parte hartu dute bertan, Beasaindik Ordiziarako bidea atzeraka korrika eginez. Jon Juaristik Eusko Jaurlaritzako Euska...
Beasaindik Ordiziara bidean doa Akirrok (Korrika alderantziz), Korrika kulturalaren barruan antolatutako ekimena, eta hainbat lagunek parte hartu dute bertan, Beasaindik Ordiziarako bidea atzeraka korrika eginez.
Jon Juaristik Eusko Jaurlaritzako Euskara Aholkulari moduan, euskarari buruz egin dituen adierazpenen inguruan protesta egiteko helburuarekin antolatu zuten gaurko Akirrok. Hitzordua Beasaingo Zubimuzu plazan zuten jarrita eta 17:00ak alderako hasi da jada jendea gerturatzen. Goierriko hainbat herrietako jendea bildu da bertan, besteak beste, Ordiziakoak, Idiazabalgoak, Segurakoak, Ormaiztegikoak, Gabiriakoak, Beasaingoak eta Zaldibiakoak.
Irudi bitxia
17:30ean ekin diote Ordiziarako bideari, atzeraka korrika egiteak dakartzan zailtasunei aurre eginez. Pankarta, multzoaren hasieran eraman ordez, bukaeran eraman dute eta bi lagun, berriz, kotxean joan dira bozgorailutik esaldi desberdinak esanez. Bidean zihoazen eran jendea begira geratzen zitzaien, baina beraiek aurrera egin dute. Aurrera, baina atzeraka korrika eginez. Irudi bitxia, benetan.
Euskarak hori eta gehiago merezi duela pentsatuta, ordea, gogotsu joan dira guztiak. Juaristik egindako adierazpenengatik protesta egiteaz gain, arratsalde ederra pasatzeko aukera ere izan dute gazteek, giro polita sortu baita. Hori bai, bero egiten du eta izerditan blai doaz denak. Bustita, baina gustura aldi berean. 18:30ak alderako Ordizian izango direla aurreikusten dute.