Julio Astudillo da Oria barrutiko PSE-EEren zerrendaburua Batzar Nagusietarako
Julio Astudillo abokatua da Oria barrutiko PSE-EEren zerrendaburua Gipuzkoako Batzar Nagusietarako. Horrela adierazi du gaur Miguel Buen PSE-EEren Ahaldun Nagusirako hautagaiak Zumarragan, alderdi horrek duen egoitzan. Oriako hautagaitza bederatzi lagunek osatzen dute, bost emakumezkok eta lau gizonezkok. Buenek azaldu duenez, “formazio politiko handia eta kudeaketarako gaitasun handia” dute guztiek, eta hautagaitza horrek herritarrentzat lan egin nahi du. “Egungo egoera hobetzeko eta lana sortzeko proposamenak egin nahi ditu”.
Astudilloren ondoren, bigarren postuan Oscar Renedo doa, Tolosako udaletxeko PSE-EEren bozeramailea. Hirugarren hautagaia Antonia Landa Andoaingo Udaleko Hezkuntza eta Kulturako zinegotzia da. Laugarren postuan Fernando Fariñas doa Zumarragako alkateordea. Bosgarren hautagaia Monica Marañon da Ordiziako Udaleko Parte-hartze Herritarra eta Boluntariotza batzordeko zinegotzia. Seigarren postuan Maria Dolores Segade zumarragarra doa, udaletxe horretako zinegotzi ohia. Zazpigarren, Alfredo Goñi beasaindarra joango da, lanbidez irakaslea. Zortzigarren, Arantxa Gonzalez Zumarragako Udaleko Giza Zerbitzuak batzordeko zinegotzia eta bederatzigarren berriz, Ascension Parron andoaindarra.
Enplegua sortzea lehentasuna
Buenek jakitera eman duenez, hautagaitza horrek askatasunaren alde lan egingo du, eta helburua foru hauteskundeak irabaztea izango da, “baina ez irabazte hutsagatik, gobernatzeko baizik”. PSE-EEk “egun dagoen arazorik larrienari, langabeziari”, konponbidea bilatu nahi dio. “Gipuzkoako Foru Aldunditik, beste administrazio batzuekin lankidetzan, ekintza edo akzio publikoa berreskuratuko dugu, lanpostuak sortu ahal izateko”.
Buenen hitzetan Gipuzkoan industriak “pisu handia” du ekonomikoki eta beraz, “beharrezkoa da modelo industrial lehiakorra eta teknologikoki aurreratua eratzea”. Horrek botere publiko guztien arteko lankidetza eskatzen du Ahaldun Nagusirako PSE-EEren hautagaiak.
Buenek Markel Olano Ahaldun nagusia ere izan du hizpide. Bere ustez, Olanok “interes alderdikoiei eta bere obsesio soberanistari” Gipuzkoaren interes orokorrei baino garrantzia handiagoa ematen die. “Nik Gipuzkoaren interes orokorrak interes alderdikoien aurretik jarriko ditut. Gipuzkoar guztien zerbitzura dagoen Ahaldun Nagusia izango naiz”.