Andoni Berriotxoaren argazkia•
Elkarrizketa aurrerapena [Biharko Goierriko Hitzan elkarrizketa osoa]
Andoni Berriotxoa (Urretxu, 1982) Libiatik etorri zen irailean, hango gerratean kazetari gisa aritu ondoren.
Non egon zara?
Lo Misratan egin dugu eta Sirteko guduan egon gara.
Nolabait, okupatutako hotel batean egon zarete…
Fabio Bucciarelli, bahituta izan zuten Manu Bravo, Guillem Valle eta Alfonso del Moral izan ginen han. Baita Ricardo GarciaVilanova ere. Hotel batean sartu ziren, eta ez zegoen inor. Ate bat bota eta bertan gelditu ginen. Laugarren egunean edo, kalashnikov-dun tipo batzuk agertu ziren, baina han lasai gelditzeko esan ziguten. Telebista ere jarri ziguten. Hotela, kostalderago zegoen eta alboan hospitalea zuen.
Nola joaten zineten frontera?
Misratatik Sirtera 200 kilometro inguru daude. Ez genuen dirurik egunero taxi bat hartzeko. Gainera, inork ez du frontera joan nahi. Borrokara doazenak eta anbulantziak soilik doaz. Goizetan gudara irteten ziren anbulantziak, eta haietan joaten ginen. Hango kanpainako ospitalera eramaten zintuzten, eta handik aurrera borrokalarien autoetan joaten ginen. Zubi bat zegoen kanpaina ospitale ondoan, eta handik aurrerako guztia ez zela segurua esaten zuten. Estalitako autoak hartzen saiatzen ginen. Abiada bizian joaten ziren, eta ez zen goxoa atzealdean joatea, frankotiratzaile asko egon baitira. Itzulerakoan zauritu asko baziren, anbulantzietan ez zen lekurik. Baina aurkitu genuen modua: zauritu larrienak 18:30etan helikopteroz eramaten zituzten ospitalera, eta gu ere helikoptero haietan itzultzen ginen, zauritu asko ez baziren, hemen ere.
Errebeldeekin egon zara gehienbat?
Bai, nahiz eta hitz horrek zalantza sortzen didan. Batzuetan, albistearen bila gelditu, eta berandutu egiten zen. Zawia Katibako (batailoiko) kideen lagunak egin ginen Buciarelli eta ni, eta haiekin lo egiten uzten ziguten. Soldaduekin afaldu, eta han egoten ginen, frontetik 5-10 kilometrora. Zentral elektriko bat zegoen, Ormaiztegikoaren antzekoa. Sirteri argindarra ematen zion, baina moztuta zuten.
Informazio gehiago:
Lubaki.net