Lore eta onddo ugaritasuna izan dira urriko azken feriaren ezaugarri nagusiak; baita jende emana ere, ohikoa baino gehiago zebilen eta.
Lore eskaintza oparoa eta koloretsua, Aramako Urretabizkaiatarren postuan. Argazkiak: Lierni Elortza
Santu Guztien eguna gertu dela erraz antzematen da ferian. Lorezaleek esku bete lan dute egun hauetan. Aukera aparta da, izan lore moztuekin edo biziekin egindako zentroak edo izan lore sortak, kolore bakarrekoak edota anitzekoak. Bakoitzak duen aurrekontuaren eta tokiaren arabera egokitzeko modukoak daude aukeran. Sinpleenak biola eta pentsamenduak, euroan bakoitza; hortik gora eginda, atzo erakusgai zeudenen artean 90 eurokoa zen garestiena.
Artiz Urretabizkaia aramarrak esaten zigunez «krisantemoa da hilerriekin lotura handiena duen lorea, berez garai honetakoa delako. Baina izan hemengoa edota kanpotik ekarria, aukera handia dago: krabelina, larrosa, txilarra, ziklamena, azalea, kukupraka, kalendula, zuhaizka…». Azken urteetan, krisiaren eragina arlo honetan ere nabaritu dela dio; hala ere, hilerriak lorez apaintzeko ohiturak bizirik dirau.
Bestalde, barazkiei dagokionez, aparteko aldaketarik ez; gutxitzen ari dira lekak eta hemengo piper eta tomateek onena emana dute. Fruituetan, pikuak bukatzen eta udare berri bat aurkeztu zuen Idiazabalgo Kalbarioko Amaiak. Jendea hasia da sagar errezila biltzen; nahiz eta salgai ikusi genuena lurrera eroritakoa izan, laster hasiko da errezilaren garaia.
Ia bi kiloko pixua duen onddoa.
Onddoa, baina kanpokoa
Aurten onddoena harrigarria da, hainbeste salgai (600 kilotik gora atzo ere) eta hain gutxi Euskal Herrian aurkitutakoa. Jendea kanpora joaten hasia da Soria eta Errioxa aldera bereziki; izan ere, inguru horietan erruz ateratzen ari dela zabaldu da. Hemen berriz, kolpeka eta toki onean tokatu denik bada baina ezin esan onddo urtea doanik, lehor baitago mendia.
Onddo kopuruaz gain, baten pixuak ere eman zuen zeresana atzoko ferian, ia bi kilo (1.865 gr. zehazki) markatu baitzituen irudiko txapel handi horrek.
Azkenik, piper hilabetea atzokoarekin bukatu zen; Aldasoro jatetxeko Juanjo Martiñez de Rituerto aritu zen sukalde lanetan, Ordiziako Plazan.