‘Zirkuaren zain’ antzezlana taularatuko du gaur Josune Goenagak (Zumarraga, 1984) Zelai Arizti aretoan, 22:00ean. Genero indarkeriari buruzko antzerki tragikomikoa da.
Zumarragara itzuli zara ‘clown’ jantzita Zelai Arizti aretoko taulara igotzeko. Nolatan?
Nik lantzen dudan esparruaren barruan nahiko gauza partikularra da gaur egingo dudana. Urola Garaiko Berdintasun sailetik eskaera egin zidaten; genero indarkeriari buruzko zerbait nahi zuten, eta moldaketa bat egin diogu aspaldi haurren kontrako biolentziaren inguruan eginda genuen gidoi bati.
Bakarrizketa bat egingo dut, non ‘clown’-ari tokia egiten diodan. Antzerki errealistagoa egin ordez, gai honekin ere barrea eragin nahi dut, batzuetan garratza izango naizen arren. Emakumeengan askatasun gosea-edo eragin nahiko nuke.
Zaila egin al zaizu gaiari heltzea?
Egia esateko, emakumearen gaiak gertutik ukitzen nau. Urtean behin Alemaniako Mugarik Gabeko Pailazoak erakundearekin irteera bat egiten dugu. Orain, nire kideak Jordanian daude, erbesteratutako siriar asko eta asko dauden errefuxiatu kanpamendu batean. Iaz Kenian egon ginen umezurztegi batean, emakume kartzela batean, auzo txiroetan, eskoletan…
Horrelako tokietan pobreziatik eta gerrak eragiten dituen traumetatik harago emakumea non dagoen sumatu, eta nire erantzukizunaren jabe egiten saiatzen naiz. Izan ere, ni, neska bakarra naiz gure ‘clown’ hirukotean.
Zein da horrenbestez zure rola?
‘Clown’ gisa barre egitea da lehenengo erronka. Gure hirukotean nik beti garaile ateratzen den pertsonaia jokatzen dut, indartsuena naiz. Garaipen bakoitza bere egiten dute ikusten nauten emakumeek eta askatasuna sentitzen dutela esango nuke, iraultza baten modukoa da beraientzat, hala transmititu didate amaitzean.
Gaurkoa antzeko zerbait da, ez baitago Afrikara joan beharrik hemen emakumearen gaian zein bidetik goazen ikusteko. Niretzat, bestalde, Zumarragan egotea beti da inportantea.
Zirkuko pailazoak gizonak izatera ohituta dago ikuslea.
Bai, hala ere, zirkuko pailazoa, gaur Zelai Ariztiko oholtzan egongo dena, emakumea da. Batzuetan emakume hori haurrarekin nahastuko da eta panpinekin jolastuko da etxean ikusten duen hori imitatuz; entzuten duen hizkuntza errepikatuko dio panpinari eta akaso kolpatu egingo du.
Bakarrizketa erlijioak utzi digunari ere lotuko zaio. Gaur jokatuko dudan ‘clown’-ak bufoi puntu bat du, eta, bufoiek, beti egiten diote kritika gizarteari.