Parte-hartzea: PNVren eta PSEren politika merkeak
Ikusi berri dugu azken egunotan nola itsu-itsuan hauteskunde kanpainan sartu diren PNV eta PSE talde politikoak. Berriro ere guretzat egokia ez den joko politiko merkean ari zaizkigu.
Merkea bai, Arpa jotzen deritzon gutuna irakurri ondoren, legealdi honetan egin diren parte-hartze dinamika desberdinak ikusi ondoren. Auzoz auzoko bilerak, festa desberdinen antolaketa, hondakinen sistemaren egokitze prozesua, autobus zerbitzuaren hobetze prozesua eta Lazkaomendirako pasabidea nola gauzatu erabakitzea izan dira, besteak beste, herritarrekin legealdi honetan garatutakoak.
Merkea zergatik? Harrigarria delako, artikuluaren sinatzaileetako bat, aurreko legealdiko (2007-2011) Parte-hartzeko batzordeburu izan eta lau urtean inongo garapenik osatu ez zuenean. Bera da orain PNVren izenean jardun ordez, Atez atez ez! plataforma bezala aurkeztu eta kritika egiten duena. Lau urtetan zure ardura bete gabe utzi ondoren, parte-hartzearen defendatzaile sutsu bezala zeure burua aurkeztea bai dela «arpa jotzea».
PSEko udal hautetsiari dagokionez, herritarrek jakin beharko lukete prentsaurrekoan esan zituen hitzek salatu egiten dutela. Gai izango ote da, lau haizetara zabaltzen dituen «honradez y honestidad» hitzak esan eta herriarenganako konpromisoa duela zabaldu nahi izatea, nahiz eta batzorde guztietan izena eman bakar batean ere parte hartu ez duenean?
Tamalez, bi erakunde politiko hauek, herriaren garapena bilatu ordez, bozka eta erabakitze esparruen jabe izan nahia besterik ez dute. Herritarrekin batera erabakiak hartzea zer den ez dakite, eta mingainean lotsarik ere ez dute gorde. Boterea duten esparruetatik gure aurkakotasuna adierazi besterik ez dute egiten.
Herriari hitza ematea beharrezkoa da, kultura hori sustatzeko ardura dugu eta badakigu guk ere badugula zer hobetu. Hala ere, harro gaude legealdi honetan landu ditugun parte-hartze esperientziekin. Emandako hasiera honekin herritarrak lau urtean behin botoa emateko inplikazioa eta kultura hautsi nahi izan baitugu. Herri aktiboa eta bere erabakien jabea izatea nahi dugu, eta eguneroko ekintzez adierazten saiatu gara.
EH Bildutik gonbita egiten diegu beste talde politikoei, ikuspegi desberdintasunak desberdintasun, gurekiko aurkakotasuna gainditu eta herriaren etorkizunari begira jar daitezela.
Azken parte-hartze prozesu honetan izandako emaitza oso ona dela iritzi dugu. Udalak parte-hartzea bultzatzeko ekimenak fruitu asko eman baititu. Alde batetik, 768 herritarren parte-hartze aktiboa lortu dugu, hausnarketa egin eta erabaki garrantzitsu baten parte izan dira. Bestetik, prozesua lantzeko garaian, herritarrei hitza emateak beste bi proposamen ekarri zituen erabakitze unera, eta bietako bat egokientzat hartu dute, herritarren bozka gehien jasoz.
Zorionak benetan!
–Azeari Andonegi, Kepa Goenaga, Haizea Mendia, Imanol Aran, Maialen Aldasoro, Arantza Bengoa eta Urtzi Iruin (EH Bilduko hautetsiak). Lazkao.