Otsailaren 6a arte egongo da irekita 'Los donantes caprichosos' erakusketa Barrenan
Los donantes caprichosos bilduman jasotako obrak jarri ditu erakusgai Juan Gabriel Vich artistak Ordiziako Barrena kultur etxean. Modan dagoeneren gainetik, Vich bere bidea jarraitzen duen margolaria da. Ordizian prestatu duen erakusketan ere bere estilo propioaren aldeko asmo argia erakusten du. Joan zen ostiralean egin zuten irekiera ekitaldia eta otsailaren 6 arte egongo da zabalik erakusketa. Ohiko ordutegia izango du, astelehenetik larunbatera, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.
Zuriaren eta beltzaren arteko konbinazioan ohituta zituen ikusleak Vichek, baina, erakusketa honetan lanak berdearekin, horiarekin, urdinarekin nahiz gorriarekin egin ditu. “Erritmo eta fase zehatz batzuk sortu” dituela azaldu du Maria Jose Aranzasti arte adituak Vichen lanari buruz. Behin eta berriz ekiten dion puzzle baten gisa agertzen da bere lana, batzuk eta besteak uztartuz. Hori gauzatzeko, bere era propioan jardun du Artistak. “Konposatu egiten du, formak sortzen ditu, eta gero moztu egiten ditu, desegituratu egiten ditu, eta ondoren, berriro elkartzen ditu, birmoldatu egiten ditu collage teknika baliatuta”, dio Aranzastik.
Formak eta elementuak erraz elkartzen dira margolanetan. Amaiera landua emandako lanak dira. Bilduma honetan, mihise gaineko lanetan kontraste handiko lanik ere bada. Gogoko ditu laborategiko tresneria eta elementu organikoak: jariakinak, arteriak, pipetak, basoak… Beste lanetan zuria da nagusi, beltza kontrapuntu duela.
“Euskarriarekin esperimentatzen, trebentasun tekniko handia lortu du”, dio arte adituak. Izaera berezia ematen dio lanari argazkiak erabiliz, oinarri gisa hartzen dituen marrazkiak jarriz eta erraz labaintzen den pintzelkadekin. “Arte horren premia dugu, zalantzarik gabe, bizitza aberasten digulako, eta gure sentsibilitate partikularra, gutako bakoitzarena elikatzen jarraitzeko ezinbetekoa zaigulako”, dio Aranzastik.