Isuriaren elkarteko kideek Marokoko jana prestatuko dute etzi Idiazabalgo plazan, 14:00etan. Beren kultura ezagutzera ematea eta herrian aktiboki parte hartzea dira egitasmoaren helburuakGipuzkoako 50 etorkin inguruk osatzen dute Isuriaren elkartea. Or...
Isuriaren elkarteko kideek Marokoko jana prestatuko dute etzi Idiazabalgo plazan, 14:00etan. Beren kultura ezagutzera ematea eta herrian aktiboki parte hartzea dira egitasmoaren helburuak
Abdel Barrouz eta Aziz Briouel marokoarrrak, Isuriaren elkarteko kideak
Gipuzkoako 50 etorkin inguruk osatzen dute Isuriaren elkartea. Orain dela hilabete inguru sortu zuten, Idiazabalen, eta gutxika gero eta etorkin gehiago ari dira batzen, jatorri ezberdinetakoak. Elkarbizitza, etorkinen arteko komunikazioa eta integrazioa bultzatzea dira elkartearen helburu nagusiak. «Herrian bizi diren kultura ezberdinen arteko loturak sortu nahi ditugu, elkar aberasteko», adierazi dute Aziz Briouel eta Abdel Barrouz elkarteko kideek. Horretarako, era aktiboan parte hartu nahi dute bizi diren herrietan.
Etzi burutuko du elkarteak bere lehen ekintza, Idiazabalgo San Blas jaien barruan. Marokoko janari tradizionala prestatuko dute plazan, kuskusa adibidez, eta jendeak hura probatzeko aukera izango du. Marokoar gastronomia ezagutzera emateaz gain, herritarrekin harremana eta bizikidetza bultzatu nahi dituzte ekintza honekin. 14:00etatik aurrera izango dira plazan.
Alkatearen esker hitzak
Ioritz Imaz alkateak azaldu duenez, Idiazabal Lagunkoia programaren barruan kokatu dute egitasmoa. «Jatorri eta garai ezberdinetako errezetak biltzeko asmoa dugu, Lapikotik izeneko egitasmoaren barruan, eta etziko ekintzarekin hasiko gara». Imazek Isuriaren elkartearen borondatea eskertu du, haiek proposatu baitute beren kultura ezagutzera ematea. «Besoak ireki behar dizkiegu, denok garelako idiazabaldarrak».
Briouel Idiazabalen bizi da duela urtebetetik. Barrouzek, berriz, bi urte daramatza Lazkaon. Marokoarrak dira biak, eta hango gastronomia izango da hain zuzen etzi erakutsiko dutena. Elkartean jatorri askotako jendea dago, ordea, eta aurrerantzeko ekintzetan beste kultura batzuk ere emango dituzte ezagutzera.
Datozen hilabeteetan herriz herri aurkeztuko dute Isuriaren elkartea, eta jendea batzea espero dute. Dagoeneko hainbat proiektu dituzte buruan. «Esaterako, martxoaren 8an emakume arabiarra nolakoa den ezagutarazteko ekintzaren bat prestatu nahi dugu», adierazi du Briouelek. Herrietan integratzeaz gain, etorkinen artean elkarri laguntzeko tresna ere bada elkartea.