Espainiako Viajeros aldizkariak ematen du saria. Joan den asteazkenean jaso zuten, Madrilen.
Irizar i2e autobusa, Donostian egindako aurkezpenean
Irizar Taldeak iazko uztailean kaleratu zuen Irizar i2e autobusa izan da saritua. 2015eko hiri autobusik onenaren saria da, hain zuzen, Viajeros errepideko aldizkariak eman diona. «Estatu mailan autobusen kategorian dagoen saririk garrantzitsuenetakoa da», Irizar Taldearen esanetan.
Oraingoz, Donostian eta Bartzelonan daude martxan Irizar i2e autobusak, eta
guztiz elektrikoak diren lehen autobusak dira Europan. «Taldeak mugikortasun iraunkorraren alde egiten duen apustuaren fruitua da, eta hiri mugikortasuneko liderra izateko asmoarekin iritsi da», adierazi du Irizarrek. Jaso duten sariak Irizar Europako marka lider gisa indartu egiten duela esan du taldeak.
Ormaiztegiko lantegia hazi da gehien 2014an.
Irizar Taldeak jakinarazi duenez,
535 milioi euroko fakturazio metatuarekin itxi dute 2014. urtea. Ormaiztegiko lantegia izan da gehien hazi dena, eta horri esker garatze bidean dauden herrialdeetako gainbehera orekatu ahal izan dute. Izan ere, atzerriko lantegien fakturazioa %15 jaitsi da.
Iaz
63 langile gehiago kontratatu zituen Irizarrek Ormaiztegiko lantegirako, eta aurten ere hazten jarraitzea espero dute. Horren erakusgarri dira Adunan (Gipuzkoa) erosi dituzten lursailak. Taldeko elektromugikortasun arloko lantegia eraikiko dute han, eta 2016rako martxan izatea espero dute.