Ikergazte kongresua egin berri du UEUk Iruñean. Zazpi goierritarrek hartu dute parte eta datozen asteetan guztien ikerketa lana jasoko du HITZAK; lehenengoa, Igor Rezolarena da (Itsasondo, 1974).
Ikerketa munduan hasi berriak diren euskal ikertzaileen topaketa da Ikergazte, ikerketa lana euskaraz egiten ari direnena. Arte Ederretan lizentziatua da Igor Rezola eta doktoradutza tesia egiten ari da Beasainen bizi den itsasondoarra. Artea oinarri hartuta, lan ereduen azterketa egin du, Auto-errealizazioak auto-esplotazioa esan nahi duenean lanarekin.
Zein helburu du Ikergaztek?
Alde batetik, euskal ikertzaileei ikusgarritasuna ematea, askotan ematen baitu ikerketa beste leku batzuetan egiten dela. Bestetik, ikerketak euskaraz bultzatzea eta ikerketako artikuluak argitaratzea.
Hainbat diziplinatako ikerlariak elkartu zarete.
Kongresuak normalean ezagutza eremu jakin baten inguruan antolatzen dira. Baina kasu honetan, Ikergazteren berritasuna da, ezagutza eremu desberdinetako kongresua izatea; beste eremuetan zein ikerketa egiten ari diren ezagutu eta ezagutza horretatik harremanak sor daitezkeelako.
Auto-errealizazioak auto-esplotazioa esan nahi duenean artikulua aurkeztu duzu, zure doktoradutza tesiko lanaren ildotik. Zertan oinarritzen da?
Nahiko autobiografikoa da; nik bizi izan ditudan bi lan ereduetan oinarritzen da: batetik, lan eredu industriala eta bestetik artistikoa. Azkenengo hamarkadetan fabrikako lana izan da eredu nagusia mendebaldeko herrialdeetan. Lan mota hau ordea ez da lan atsegina. Langilea soldata baten truke joaten da lanera, eta bere motibazioa eta bizitza hemendik kanpo aurkitzen dira. Horrelako lan mekaniko eta errepetitiboek, 40 urtean gauza berdina egiten aritzeak, pertsonaren gizatasuna anulatzen du. Alienazioaren kontzeptua hortik dator.
Lan eredu horren beste aldean, artista bohemioarena jarri duzu.
Industrializazioarekin batera, edo honen aurka hobeki esanda, bazegoen beste langile eredu bat: artista bohemioarena. Artista bohemioaren figuraren kasuan, artistak bere gustuko lana egiten du, bere lana bere pasioa izaten da. Beste lan eremuan lana eta bizitza banatuta dauden bezala, artistaren kasuan biek bat egiten dute; artistaren kasuan bere lana bere bizia bihurtzen da, eta bere bizia bere lan, auto-errealiazazioa. Ez dago ez ordutegirik eta ez mugarik gustukoa denean lana. Baina horrek badu beste aldea: prekarietatea, egonkortasun eza,… Hau da, auto errealizazioak auto-esplotazioa izaten amaitzen du. Garai batean nahiko definituta zeuden bi lan eredu ziren, baina denborarekin, muga horiek desagertu edo diluitu egin dira.
Gaur egun, bere lan eta bizimoldeagatik, artista, neoliberalismoaren langile eredugarria bihurtu dela diozu.
Teknologiaren garapena eta deslokalizazio prozesuen ondorioz, mendebaldean hegemonikoa izan den lan eredu industrialaren gainbehera gertatu eta gero, lan eredu berriak jarri dira martxan. Lan eredu horietan askotan bilatzen da, berrikuntza, kre- atibitatea, sormena,… garai batean artearen munduari egokitzen zitzaizkion ezaugarriak. Artista bohemioaren figura eredu bihurtu da lan mota askorentzat baita ere, artista horrek zituen lan baldintzengatik, bere lana bere bizitza bihurtzen zuelako eta aldi berean, prekarietatean bizi izan zelako. Artistaren ogibideak alde postiboak badituen arren, horren positiboak ez direnak ere baditu.
Ondorio horien artean, besteak beste, prekarietatea dago.
Prekarietatearekin eta esplotazioarekin harremana duten gauza horiek denak, itzalpean uzten dira beti. Egia da gaur egun prekarietatea ez dela une jakin batean bezala, artearen eremura soilik mugatzen. Gaur egun bizitza, bere osotasunean, prekario bihurtu da. Dena den, lanaren bitartez errealizatua sentitzeko aukerak probestea, langilearen zoriontasunean pentsatuz sortutako lan moldeak direla ematen du. Baina hau ez da horrela. Kreatibitatea, sormena eta berrikuntzaren promesa dakarkiten lan eredu berriak sustatzen direnean, beste behin, ere produktibitatea dute helburu. Eta hori gauzatzeko zer egin behar den bilatzen da beti, langileak lanean zoriontasuna bilatuko duela sinetsi araziz bada ere.
Zein izan da lan honen helburua?
Ikerketa ez da bukatu, baina artikulu hau idazteko garaian bazegoen nahi bat: artistaren lana desmitifikatzea. Izan ere, ematen du artistak oso ondo bizi garela baina langile prekarioak gara. Kasurik gehienetan, egiten dugunetik jatea ezinezkoa denez, veste lan batzuk egin beharrean izaten gara, denbora librean gero, guk nahi duguna egiteko. Artista profesionala izateko gainera, sorkuntzarekin harremanik ez daukaten gauza mordo bat egin beharra dago. Eta askoz ere denbora gehiago eskaintzen zaio gainera sorkuntza ez den horri, sorkuntza berari baino. Garrantzitsuagoa bihurtu da marketin on bat egitea, edo ikusgarritasuna eta ospea lortzea, ondoren zure merkantzia saldu ahal izateko, sormena bera baino. Tesia ez dakit zertan bukatuko den, baina lanaren inguruan segituko det, kezkatzen nauen gauza bat delako: bizitzako ordu gehienak jarduera horri eskaintzen dizkiogu, eta ia beti gogoz kontra egin beharra daukagun zerbait da.
Zer proposatzen duzu?
Hurrengo hamarkadetan lanaren munduak, eta ondorioz artearen esparruak, aldaketa garrantzitsuak biziko dituztela dirudi. Alde batetik, utopista teknologikoen diskurtsoa dago eta bestetik, etengabeko hazkundean oinarritzen den ekonomia kapitalista kolapsorako bidean dagoela esaten da. Urgentziazko konponbide modura, produktibitatea eta kontsumoaren murrizketa planteatzen da, lanaren berrantolaketa eta banaketarekin batera.
Etorkizunean zer izango den aurreratzea konplexua bezain arriskutsua suertatzen da. Baina bai diagnosi bat zein zuzenak badira, eta bizitza soldatapeko lanaren menpekotasunetik libratzea lortzen bada, auto-errealizazioaren promesarentzako eta arte praktikarentzako aukera berriak irekitzen direla zalantzarik ez dago.