Gurasoei Gutuna lehiaketako sariak banatu dituzte
Ttiklik elkarguneak antolatuta, Gurasoei Gutuna lehiaketaren 6. edizioko sariak banatu dituzte gaur, Igartzako jauregian. Ekitaldi hunkigarria izan da, hasieratik bukaerara. Itxaro Mendizabalek bere gurasoei hainbat urteren ondoren idatzitako gutuna irakurri du aurrena. Andoni Aizpuru aurtengo gonbidatuak ere, berarentzat egun berezia dela aitortu du, bere gurasoen ezkonteguna delako batetik, eta duela bost urte hil zen emaztearen urtebetetze eguna delako bestetik.
Joxepa Madariagak eta Irati eta Ekaitz Goikoetxea anai-arrebek ere gutun bana irakurri dute, sari banaketa hasi aurretik. Aurten 79 lagunek parte hartu dute, lehiaketako maila ezberdinetan, gehienak haurren eta helduen mailan. Igartzako areto nagusia bete egin da, partehartzaileak ez ezik, haien senide eta lagunak ere joan baitira. Sariak banatu ondoren, datorren urtera begira gutunak idaztera gonbidatu ditu bertaratu direnak, “lehiaketara aurkeztu edo ez”. Bukaeran, Euskaraldiari babesa agertu diote antolatzaile nahiz saridunek.
Gurasoei Gutuna lehiaketan sarituak:
Haurtxoak (5 marrazki) · Guztiek jaso dute saria Haurrak (47 gutun) · Saria: Naroa Asensio · Aipamena: Intza Mella Gazteak (5 gutun) · Saria: Nora Gondat Helduen maila (22 gutun) · Saria: Naiara Goia · Aipamena: Iñigo Legorburu