Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak dena prest du maiatzaren 1eko Santikutz Klasikorako
Aurtengoa 90. edizioa izango da. Ohi bezala, Espainiako Koparako puntuagarria izango da, eta afizionatu mailako txirrindulari onenen partaidetza izango du Legazpiko probak.
Maiatzaren 1a egun seinalatua da txirrindularitzaren zaleentzat, Legazpin afizionatuen estatu mailako lasterketa garrantzitsua jokatu ohi delako. Aurten ere ez du hutsik egingo Santikutz Klasikoak, eta Telleriarteko Txirrindulari elkarteak antolatuta, 90. edizioa beteko du. Goizeko 9:30ean abiatuko da Legazpitik, eta inguruko errepideetan bira egin ondoren, 13:00 inguruan iritsiko dira txirrindulariak helmugara, Atagoitik behera, Motxorrotik.
Ohi bezala, Espainiako afizionatuen mailako Koparako puntuagarria izango da eta estatuko txirrindulari onenak bilduko ditu. Ibilbidea 152 kilometrokoa izango du, eta Abraham Olano izango da lasterketako kirol zuzendaria. Garaikurrak Ane Urtzelai legazpiarrak egindakoak dira, eta egun hauetan ikusgai egongo dira Korosti Kafearen lehengo lokalean.
Atzo aurkeztu zuten proba Kultur Etxea, eta horretaz arduratu ziren Telleriarteko Txirrindulari elkarteko Jokin Matxinandiarena eta Enrike Vizcay lehendakaria, Eric Galvez Legazpiko alkatea, Santi Osoro Gipuzkoako Txirrindulari Federazioko lehendakaria eta Nikolas Alustiza eta Mikel Mujika txirrindulariak.
Proba gogorra
Enrike Vizcayk probaren xehetasunak azaldu zituen, eta lehenik, berriz ere Espainiako Koparako puntuagarria izango dela nabarmendu zuen, Kopa osatzen duten hamaika lasterketatik zazpigarrena. Kopa lehiatzen ari diren 21 taldeak izango dira bertan, eta antolatzaileek gonbidatu dituzten beste bost, azken horiek euskaldunak denak. 175 txirrindulari inguruk parte hartuko dute, eta horien artean Espainiako afizionatu mailako onenak izango dira, profesionalera salto egiteko lehian ari direnak asko.
Aurtengo ibilbidea 152 kilometrokoa da, eta hainbat aldaketa ditu iazkoarekin alderatuta, “inkonformistak” direlako antolatzaileak. Klasikoak duen gogor ospea azpimarratu zuen Vizcayk, eta 2.584 metroko desnibel positibo izango duela zehaztu zuen.
Probaren gogortasunarekin bat egin zuen Osorok ere, “ikusteko da, egiteko baino”, eta horri esker txirrindulariek “egundoko ikuskizuna” eskainiko dutela agindu zuen. Bestetik, antolatzaileei eskerrak eman zizkien , “goi mailako lasterketa” prestatu dutelako berriz ere, eta esker mezua udalari, boluntarioei eta babesleei ere luzatu zien.
Udalaren aldetik, Eric Galvez alkateak Klasikoa Legazpirentzat “altxor bat” dela adierazi zuen, eta Telleriarteko Txirrindulari elkarteak egiten duen lana goraipatu zuen.
Probatik pasatako txirrindulariak
Bestetik, proba barrutik ezagutzen duten bi txirrindulariek ere, bertan parte hartutakoak direlako bai Alustiza eta bai Mujika, hitza hartu zuten Klasikoaren aurkezpenean. Biak profesional mailan dabiltza orain, Alustiza zumarragarra Euskaltel taldean, eta Mujika legazpiarra Portugalgo Obidos Cycling Team taldean.
Alustizak 20 urte besterik ez ditu, eta “etorkizuneko promesa” dela esan zuen Matxinandiarenak, baita igotzaile ona dela ere. Iaz laugarren egin zuen Laboral Kutxa taldearekin Klasikoan. Horrelako emaitzek eraman dute profesionaletara, Alustizak berak aitortu zuenez: “Azken urteetan afizionatuen Sub-23 mailan ibili naiz lehian, eta emaitzetan pausoak ematen joan naiz pixkanaka, Euskaltelen arreta deitu arte. Txirrindularitzan txikitan hasten zara, disfrutatzen duzu, baina profesional izatea urruti ikusten duzu. Hala ere, nire kasuan, hainbeste sakrifizio eta lan egin eta gero, lortu dut”.
Mujika Portugal aldean dabil profesional mailan lehian, “gustura”, baina hemen afizionatuetan egindako urteak ez ditu ahazteko, batez ere Legazpiko Klasikoan parte hartutako sei aldiak. Mujika izan da azken urteetan Klasikoan parte hartu duen legazpiar bakarra, eta aurten beste bat izango dela gogoratu zuen, Gari Ugarte. Iaz, bestalde, lasterketako zuzendari teknikoa izan zen.
Postu hori aurten Abraham Olanok beteko du. Txirrindulari ohiak ez zuen Legazpin izaterik atzo, baina bideo bidez egin zituen adierazpen batzuk, besteak beste, talde antolatzailea zoriontzeko. Klasikoa “proba garrantzitsua” dela ere esan zuen, eta gogoratu zuen lehen postuetan sailkatzen diren afizionatu gehienek gero profesionaletara salto egiten dutela.
Klasikoaren 90 urteak
Klasikoaren aurkezpenaren amaieran hitza hartu zuen Sebastian Santestebanek publikotik. Telleriarteko Txirrindulari elkarteko sortzaileetako bat eta arima izan da urte askoan, eta udazkenerako prestatzen ari den lan baten berri eman zuen. Klasikoaren 90 edizioen historia bilduko duen erakusketa eta argitalpen bat ari da prestatzen Santesteban.