Ikasleak Urrelur museoan
Bisitak Museoen Egunaren inguruan antolatu dituzte
Urrelur museoak urtero hainbat ekintza antolatzen ditu Museoen Egunaren inguruan, jendea erakartzeko eta mineralen eta fosilen inguruko jakinmina pizteko. Aurten, ikastetxeentzako doako bisitak, haurrentzako zientzia tailerrak, Atapuercara mineralogia eta paleontologia txangoa eta ate irekien eguna antolatu ditu.
Ikastetxeentzako bisita gidatuak atzo hasi ziren. Haurrentzako zientzia tailerrei dagokienez, ostegunean izango dira. 6-12 urteko haurrek parteko dute. Harri bitxiak sortuko dituzte kolarekin, gatzarekin eta koloreztatzaileekin; sumendi artifiziala egingo dute eta erupzioa sortuko dute; eta paperezko mamuak marraztuko dituzte te poltsatxoetan eta gero sua emanda hegan jarriko dituzte. Dagoeneko ez dago tokirik.
Mineralogia eta paleontologia txangoari dagokionez, larunbatean Atapuerca eta bere inguruak bisitatuko dituzte. Asteazkena da izena emateko azken eguna.
Autobusa 08:00etan abiatuko da eta 20:30ean itzuli. Helduek 45 euro ordaindu behar dute eta 7 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek 32 euro (heldu batek lagunduta joan beharko dira). Prezioaren barne, autobusa, bisita gidatua, bazkaria eta aholkularitza teknikoa.
Bukatzeko, larunbatean ate irekien eguna egingo dute Urretxuko Urrelur museoan. 10:00etatik 13:00etara bertaratzen direnei mineralez osaturiko lepokoa oparituko diete.