Ataungo Aia auzoan jaiak ospatuko dituzte gaurtik aurrera, lau egunerako
Haurren ekitaldiak jarri dituzte hasierarako, eta gazte afaria dago larunbatean. Sardina eta sagardo dastatzeak, auzo afariak eta herri bazkariak osatuko dute eskaintza. Igandean, emakume sortzaileen azoka, herri kirolak eta pilota partidak, besteak beste.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/06/ataun_otsoak_dantza_taldea-1200x800.jpg)
Santa Ixabel jaietako egitaraua gaur hasiko da, Ataungo Aia auzoan. Haurrentzat ekitaldiak jarri dituzte, aurreneko ekinaldirako: puzgarriak, txotxongilo ikuskizuna eta txokolate-jana. Lau egunetan ospatuko dituzte festak: asteburuan eta zaindariarenean, asteartean.
Gazteei begira prestatu dute larunbat iluntzea, afari eta guzti. Aurrez, denentzat sardina erreak eta sagardoa egongo dira. Ostiralean auzo afaria eta asteartean herri bazkaria ere badaude, juntadizo gastronomikoen osagarri.
Igandea betea izango da. Ataungo emakume sortzaileek postuak jarriko dituzte, eguerdian, Erroipe aterpean, Biboletak taldeak antolatutako azokan. Arratsaldean, herri kirol erakustaldia egingo dute bi aizkolari bikotek eta harri jasotzaile batek. Iñaki Azurmendi eta Julen Alberdi Txikia batetik, eta Mugertza anaiak bestetik ariko dira; harriarekin, Jokin Eizmendi.
Azkenik, asteburukoak amaitzeko, Aiako frontoitxoan pilota partidak izango dira, jai iluntzean. Hiru partida jokatuko dituzte: alebinek binaka, seniorrek banaka, eta Aiako VII. Txapelketako finala. Lehenbizi, Ataun Kirol Elkarteko aleginen norgehiagokan, Labaka-Aldasoro eta Aramendi-Arratibel kantxaratuko dira. Ondoren, seniorrak: Jon Erauskin eta Martin Kerejeta buruz buru. Azkenik, Aiako txapela nork eramango duen ebatziko dute Intsausti-Bereziartu eta Baztarrika-Barandiaran bikoteek.
Bukaera asteartean, uztailaren 2an izango dute Aiako jaiek. Meza (11:00), hamaiketakoa, herri bazkaria (14:00), Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia bertsolariak, trikitilariak, eta toka lehiaketa (18:30) jarri dituzte.
Aiako Santa Ixabel jaiak 2024 egitaraua:
Ostirala, ekainak 28
- 16:00. Puzgarriak.
- 17:30. Apar festa.
- 18:30. ‘Andrina basandrina’ txotxongilo emanaldia.
- Ondoren. Txokolatea.
- 21:30. Auzo afaria.
- 23:30. Kontzertuak: Banana Shake eta Bada Giro.
Larunbata, ekainak 29
- 17:30. Otsoak dantza taldearen emanaldia.
- 19:00. Sardina eta sagardo dastaketak.
- 22:00. Gazte afaria.
- 00:00. DJ Expuela.
Igandea, ekainak 30
- 11:30. Ataungo emakume sortzaileen azoka eta erakusketa.
- 12:00. Eate abesbatzaren kantaldia.
- 12:30. Kantu poteo eta hamabietakoa.
- 17:30. Aizkolariak eta harri jasotzailea.
- 19:00. Pilota partidak.
Asteartea, uztailak 2
- 11:00. Meza.
- Ondoren. Hamaiketakoa.
- 14:00. Herri bazkaria. Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia bertsolariak, eta trikitilariak.
- 18:30. Toka lehiaketa.