Goierriko AHTrik EZ Plataformak Abiadura Handiko Trenaren zati berririk ez dela behar erantzun dio Eider Mendozari
Plataformak zerbitzua, ibilbideak eta geltokiak "erabat" hobetzeko eta modernizatzeko eskatu du.
Goierriko AHTrik EZ Plataformak Euskal Y-aren eta Nafarroako ardatzaren arteko lotunea Ezkio-Itsasotik ez egiteko eta egungo tren-zerbitzua, ibilbideak eta geltokiak “erabat” hobetzeko eta modernizatzeko eskatu dio Eider Mendoza ahaldun nagusiari. Duela aste batzuk esan zuen Gipuzkoarentzako “ezinbestekoa” dela Ezkio-Itsasoko konexioa, eta aukera hori “irmoki” defendatuko duela “administrazio eremu guztietan”. Plataformaren ustez, egin beharrekoa kontrakoa da: “Behar duguna da egunero zerbitzu ona eta eraginkorra emango duen garraio publikoa”.
AHTaren lanek Renferen zerbitzuan eragin kaltegarria izan duela ere esan dute. “Erdira murriztu dizkigu trenak, batzuetan ordutegiak ez dira betetzen, oraindik gaur egun hainbat tren geltokietan ez daude trenbide azpiko pasabideak eta trenen irisgarritasuna oso txarra da. Beraz, diputatu nagusiak badu zer defendatu Espainiako Gobernuaren aurrean: herritarren gehiengoarentzat eraginkorra, bidezkoa eta jasangarria izango den trena eta ez minoria batentzako den tren ez-eraginkorra, bidegabea eta jasanezina”.
Ezkio-Itsasoko lotunea egiteak ingurumenean ondorio “handia” eta landa-lurren galera eragingo duela ohartarazi dute. Nahiz eta lotura horren zati handia tunel bidez izan, Aralar Natur Parkea, Ataun, Idiazabal, Olaberria, Beasain eta Ormaiztegin zehar, mantenu, larrialdi eta bestelako zerbitzuetarako tunel nahiz sarbide berriak beharko lituzke, eta baita ere hauetara iristeko errepideak nahiz eraikuntza lanetan desplazaturiko materialak pilatzeko hondakindegiak eraiki beharko lirateke, besteak beste.