Zazpi elementuko multzoa
Zazpi elementuk osatzen dute Beasaingo ikur bihurtu den multzoa. Igartza jauregiaren inguruan nabarmen eta txukun azaleratu dituzte 1996tik Erdi Aroko eraikinak: Igartza jauregia, errota, burdinola, ermita, zubia, gurutzea eta dolarea. Bidean geratu da berriz, errementariaren etxea. Hamabost urteko lana behar izan da Igartza Multzoa zaharberritzeko, eta guztiz amaitzeko XV eta XVI. mendeen artean eraikitako egurrezko presa ikusgai jartzea falta da. Jauregia gaur inauguratuko dute. Jauregi bihurtu baino lehen, balio estrategiko handiko gunean kokatutako kutsu militarreko dorrea izan zen Igartza. 1456an ordea, Enrike IVak dorretxeak zituzten gerrako osagai guztiak birrintzeko agindu zuen. Hemeretzi urte beranduago Martin Perez Altzagakoak, Igartzako Jaunak, multzoa berriro martxan jarri zuen, dorretxea zegoen lekutik metro gutxira. Horregatik, ikertzaileen arabera ezin da esan jauregia dorre-etxe zaharberritua denik, XVI. mendean eraikitako jauregi bakar eta berezia baizik. Azken urteetan Igartzako jauregiaren jatorrizko itxura berreskuratzeko egin duten lana nabarmena izan da, 20. mendearen amaieran oso egoera txarrean baitzegoen. Hegoekialdeko zatia guztiz erorita zegoen, armarria desagertuta eta eraikinaren barrualdea guztiz eraldatuta. Berreskuratze lanak egin ondoren agerian utzi dituzte berriz ere landu gabeko harriz egindako behe solairua eta egurrezko egitura duen goiko solairua. Teilatuan egin dituzten lanak ere agerikoak dira, patioa estaltzeko airez beteriko burbila jarri baitzuten 2009ko azaroaren amaieran, teilaturik gabeko eraikina [...]
Zazpi elementuk osatzen dute Beasaingo ikur bihurtu den multzoa. Igartza jauregiaren inguruan nabarmen eta txukun azaleratu dituzte 1996tik Erdi Aroko eraikinak: Igartza jauregia, errota, burdinola, ermita, zubia, gurutzea eta dolarea. Bidean geratu da berriz, errementariaren etxea. Hamabost urteko lana behar izan da Igartza Multzoa zaharberritzeko, eta guztiz amaitzeko XV eta XVI. mendeen artean eraikitako egurrezko presa ikusgai jartzea falta da. Jauregia gaur inauguratuko dute.
Jauregi bihurtu baino lehen, balio estrategiko handiko gunean kokatutako kutsu militarreko dorrea izan zen Igartza. 1456an ordea, Enrike IVak dorretxeak zituzten gerrako osagai guztiak birrintzeko agindu zuen. Hemeretzi urte beranduago Martin Perez Altzagakoak, Igartzako Jaunak, multzoa berriro martxan jarri zuen, dorretxea zegoen lekutik metro gutxira. Horregatik, ikertzaileen arabera ezin da esan jauregia dorre-etxe zaharberritua denik, XVI. mendean eraikitako jauregi bakar eta berezia baizik.
Azken urteetan Igartzako jauregiaren jatorrizko itxura berreskuratzeko egin duten lana nabarmena izan da, 20. mendearen amaieran oso egoera txarrean baitzegoen. Hegoekialdeko zatia guztiz erorita zegoen, armarria desagertuta eta eraikinaren barrualdea guztiz eraldatuta.
Berreskuratze lanak egin ondoren agerian utzi dituzte berriz ere landu gabeko harriz egindako behe solairua eta egurrezko egitura duen goiko solairua. Teilatuan egin dituzten lanak ere agerikoak dira, patioa estaltzeko airez beteriko burbila jarri baitzuten 2009ko azaroaren amaieran, teilaturik gabeko eraikina irudikatu nahian.
Idatziak eta marrazkiak
Eraikinaren zaharberritze lanak hainbat ustekabe ere eman ditu. Onak eta txarrak. Onen artean dago esaterako goiko soilairuan agerian geratu diren XV. mendeko idatziak eta marrazkiak. Hainbat esaldi eta horoskopoa agertu dira idatzita eta itsasontzien marrazkiak eta giza aurpegi bat ere bai.
Hormetako hainbat adreilutan sei urte inguruko haur baten hamabost urrats ere agertu dira, garai haietan haurrek teilerietan lan egitea guztiz arrunta zela erakusten dutenak.
Jauregia baino gehiago
Beasainen agerian geratu den multzoa, jauregiak ez ezik beste sei elementuk ere osatzen dute. Igartzaren berpiztearekin erabat lotuta egon zen burdinola da horietako bat. Hainbat aldiz kiskali bazen ere, urteetan zehar egindako berrikuntzei esker Igartzako jaunek gizarte eta merkataritza sarea hedatzea lortu zuten burdinolari esker.
Errotak ere lagundu zien zeregin horretan, beasaindarren beharrak asetzeko ezinbeskoa baitzen Erdi Aroan. Denborarekin hainbat aldaketa jasan ditu eraikinak eta errotak eta errotariaren etxeak bat egin dute eraikin bakarrean.
Gaur egun hotel bihurtutako dolarea eta 2005eko abenduaren 12an bota zuten errementariaren etxea ere Igartza Multzoko zati dira. Dolareatik Igartzara joateko zubia, gurutzea eta ermita dira gainerako elementuak. Adituen arabera, zubia da Igartza eraiki izanaren arrazoi nagusia, garai hartan ibaiaren igarobidea zaintzeko beharrezkoa baitzen dorre bat. Ondorengo urteetan errotara materiala eramateko bide bakarra izango da. Bost metroko garaiera duen gurutzean hainbat itun sinatu izana azpimarratu dute ikerlariek, eta Belengo Andra Mariaren ermitak Igartzako jaunen antolaketarako ahalmena agerian uzten duela.
Gaur arratsaldean inauguratuko dute agintariek jauregia
DGaur arratsaldean egingo dute Igartza jauregiaren inaugurazio ekitaldia, 19:00etan. Igartzako dantzariek lagunduta Dolareatik jauregira arteko bidea egingo dute Patxi Plazaola Beasaingo alkateak, Xabier Iturbe Kutxako lehendakariak, Blanca Urgell Kultura sailburuak eta Markel Olano Diputatu Nagusiak. Ekitialdian zaharberritze prozesua azaltzen duen DVDa proiektatuko dute eta agintarien hitzalditxoaren ondoren luntxa egingo dute. Bitartean herriko hainbat musikarik kontzertua egingo dute. Txistulariak eta txalapartariak ere egongo dira.
Gaurko inaugurazio ekitaldia baino lehen hainbat bisitari izan ditu dagoeneko jauregiak eta multzoak. Atzo arratsaldean Espainiako hainbat komunikabidetako kazetariak eta argazkilariak jauregia ikusten egon ziren. Goierrin zehar egindako bisitaren zati izan zen jauregira egin zuten sartu-irtena eta eskualdean bildutako informazioarekin kritika gastronomikoak eta turistikoak egingo dituzte.
Goierritarrek asteburuan aurrera izango dute jauregia ikusteko aukera. Bihar eta etzi 11:00etan euskarazko bisita gidatuak egingo dituzte eta 17:00etan gaztelaniaz. Herritar eta goierritar guztiei irekitako bisitak izango dira.