Marian Bidegain
“Erabiltzen ez den hizkuntzak ez du ezertarako balio”
Lazkaoko Maizpide euskaltegiaren zuzendaria da Marian Bidegain gabiriarra.
Uda euskara ikasteko garai egokia al da?
Ez dago garai txarrik euskara ikasteko.
Eta Maizpidera etortzeko?
Bai, opor usaina edukiagatik gogor lan egiten da.
Nondik etortzen dira ikasle gehien?
Gezurra badirudi ere, oraindik ere gipuzkoarrak dira nagusi gurean.
Urrunetik etorritakoak izango dituzue orain ere. Nongoak?
Bai, hala da. Internazionala da Maizpide, orain ere baditugu mordoxka bat: Mexikokoak, Pakistangoa, Alemaniakoak, Errusiakoak, Ingalaterrakoa, Frantziakoak, Poloniakoak, Boisekoak, Bartzelonakoak, Madrilgoa, Leidako…
Ikasle mota berdina al dira urte osoan daudenak eta udan datozenak?
Ez dago alde handirik, egia esan, denek ikasi nahi dute azkar, lehenbailehen.
Azken 20 urteetan ikasleen profila aldatu al da?
Bai, jakina, asko aldatu da, gizartea bera aldatu den neurrian.
Lazkaon entzundakoa: “Ondoko mahaikoak ez dira lazkaotarrak. Maizpidekoak izango dira. Ez dira Maizpidekoak erdaraz ari dira eta”. Bada, bai, Maizpidekoak ziren.
Ez da, bada, ohikoa. 1. urratsekoak ote ziren? Egun txarra izan eta erdi etsita ote zeuden?…
Uztaileko gauetan, Lazkaoko plazan: antzerki, musika, bertsolari… Maizpideko ikasleak eta lazkaotarrak. Harremanik sortzen al da?
Orain 20 urte baino nekezago, baina, tira… gure ahalegin faltagatik, behinik behin, ez da izango.
Zenbat bikote sortu ditu Maizpidek?
Auskalo! Ez dugu horren kontadurik eraman.
Eta bikoterik desegin al du?
Barrea eta negarra gertu izaten dira.
Zer esango zenieke ondorengo pertsonei:
Euskara oso hizkuntza zaila da.
Hizkuntzak guztiak dira zailak edota errazak!
Euskara badakit, baina lotsa ematen dit hitz egitea.
Erabiltzen ez den hizkuntzak ez du ezertarako balio.
Ez daukat euskara ikasteko denborarik.
Aitzakia gutxiago! Gaur horrek ez du balio, euskara ikasteko modu asko daude.
A mí dame el título y déjate de chorradas.
Txorrada horiek kontuan hartuta bidea motzagoa da titulua lortzeko ere, hor dago koxka!
Zuretzat zer da euskara?
Komunikatzeko nire hizkuntza
Gabirian biziko ez bazina?
Oso behartuta beharko luke beste nonbait bizitzea, eta herri min handia izango nuke.
Oporretarako leku bat:
Konpainia onean, edozein toki.
Zaletasun bat:
Irakurtzea eta gurutzegramak eta sudokuk egitea.
Urtaro bat:
Udazkena.
Amets bat:
Euskal Herri euskalduna. Ez ahal da amets hutsean geratuko!