«Zaldibiako jendeak gosea zeukan udal kudeaketan aritzeko»
Joxean Etxabe (Zaldibiako alkatea). Elkarrizketa. Zaldibiako udalaren buru da Joxean Etxabe (Zaldibia, 1970). Alkatearen figura aldatu nahi du, ororen gainetik eta gainean dagoen pertsonaje izatetik eskumenak batzordeen lanketari utzita. Hirugarren haurra izan berritan, «etxean lan bikoitza, eta udaletxean zer esanik ez», dio. Udalen martxa ezagutzen du lehendik, Zeraingoan lan egiten baitu. Ostegunetan egongo da udaletxean, herritarrak hartzeko. Beste egunetan, lanaldi erdirako laguntzaile bat dauka. Udalaren ardura hartu zenuenetik, zertarako astia izan duzu orain arte? Taldeak osatzen eman dugu orain artekoa, herritarren iritzi piloa jasotzen. Talde osatze jatorra joan da, parte-hartze handiarekin. Guk hori bultzatzen genuen gainera. Orain, ea batzordeak martxan hasten zaizkigun. Bost batzorde dira, erabakitzeko ahalmenarekin. Bat berria da, parte-hartzearena. Bost batzordeak hirigintza, kultura, zerbitzuak, ingurumena eta sortu dugun berria dira: herritarren parte-hartzea sustatzeko batzordea. Gai konplexu batzuk badauzkagu Zaldibian —bat, Bilorekoa— eta orokorrean ahal den jende gehieneko batzorde bat osatu nahi genuen. Zer funtzio du? Biloreren kasuan sektore asko ukitu beharko ditugu. Ez da zer egingo litzatekeen, baizik horri soluzioa nola eman. Bestetik, korapilo handiak sortzen badira, hau izango litzateke denei eragiten dieten gaiak lantzeko gunea. Herri batzarrak egiteko asmoa ere baduzue, urtean bi gutxienez. Bai, gai horiek berriz hartu, eta nola doazen informazioa zabalduko da. Batzarrean bertan [...]
Joxean Etxabe (Zaldibiako alkatea). Elkarrizketa.
Zaldibiako udalaren buru da Joxean Etxabe (Zaldibia, 1970). Alkatearen figura aldatu nahi du, ororen gainetik eta gainean dagoen pertsonaje izatetik eskumenak batzordeen lanketari utzita. Hirugarren haurra izan berritan, «etxean lan bikoitza, eta udaletxean zer esanik ez», dio. Udalen martxa ezagutzen du lehendik, Zeraingoan lan egiten baitu. Ostegunetan egongo da udaletxean, herritarrak hartzeko. Beste egunetan, lanaldi erdirako laguntzaile bat dauka.
Udalaren ardura hartu zenuenetik, zertarako astia izan duzu orain arte?
Taldeak osatzen eman dugu orain artekoa, herritarren iritzi piloa jasotzen. Talde osatze jatorra joan da, parte-hartze handiarekin. Guk hori bultzatzen genuen gainera. Orain, ea batzordeak martxan hasten zaizkigun.
Bost batzorde dira, erabakitzeko ahalmenarekin. Bat berria da, parte-hartzearena.
Bost batzordeak hirigintza, kultura, zerbitzuak, ingurumena eta sortu dugun berria dira: herritarren parte-hartzea sustatzeko batzordea. Gai konplexu batzuk badauzkagu Zaldibian —bat, Bilorekoa— eta orokorrean ahal den jende gehieneko batzorde bat osatu nahi genuen.
Zer funtzio du?
Biloreren kasuan sektore asko ukitu beharko ditugu. Ez da zer egingo litzatekeen, baizik horri soluzioa nola eman. Bestetik, korapilo handiak sortzen badira, hau izango litzateke denei eragiten dieten gaiak lantzeko gunea.
Herri batzarrak egiteko asmoa ere baduzue, urtean bi gutxienez.
Bai, gai horiek berriz hartu, eta nola doazen informazioa zabalduko da. Batzarrean bertan erabakiko da, gainera. Funtzionatzeko moduan aldatzen dena hori da, aurreko Udal Kudeaketa Batzordetik zetorrena: batzorde horietan eztabaidatu eta erabakiko da. Desadostasun handiak dauden kasuetan, udal herri batzarretara joko genuke, gaiak hala eskatuko balu edo gai potoloak direnean.
Aurreko legealdia gorabeheratsua, zenbaitetan gatazkatsua, izan zen. Nola aurkitu duzue udala?
Kanpainan bertan konturatu ginen jendea oso nahastuta zegoela, eta asko norabidea galtzen hasiaren sentsazioarekin ere bai. Guretzat emaitzak oso onak izan dira, eta ikusi dugu jendeak parte hartzeko eta udalaren parte izateko gogoa duela. Komisioen bitartez sar dadila, eta alkatea ez dadila izan herriko ardatza, inguruko jendeak garrantzia handia dauka. Jendeak gosea zeukan udal kudeaketan sartzeko.
Legealdi hau giltzarri izan daiteke normaltasun osora itzultzeko?
Guk uste dugu baietz, eta hori da apustua. Jendearengandik sentsazio hori jaso dugu. Oraindik berriak gara, baina lehengo legealdian egon direnekin harreman zuzena dugu eta komisioetan daude. Gure legealdian gauza asko egingo dira lehen martxan jartzeko ahalbiderik izan ez dutenak. Lan handia dago eginda, eta martxan jarrita daukagu.
Zertan aldatu nahi duzue Zaldibia?
Jendearen gose hori artikulatu egin behar da. Batzorde bakoitzak izan behar du oinarri. Aurreko urteetan uste edo logika oker bat zegoen: udala gidatzeko zegoen, eta herria norabide horretan atzetik segitzeko. Ez. Herria zirikatu behar dugu, berak erabaki propioak har ditzan. Aldaketa nagusia gauzak egiteko eran da, logikatik hasi eta gizatasuneraino: jendearekiko harremanak, gertutasuna… Herriaren udala izan behar du, ez herriarentzako udala.
Udalbatzako beste taldearekin, Zaldibian Herrigintzarekin, zer moduz?
Ondo, harremana oso ona da. Irekitasuna azaldu diegu, eta beraien proiektuak eztabaidatzeko aukera osoa eman zaie. Udala osatzerako garaian eskaini zitzaien nahi ote zuten ardurak banatu edozein esparrutan; beraien erabakia izan zen ardurarik ez hartzea, baina naturalki txertatu dira batzordeetan. Zerbait lortu baldin bada naturaltasuna izan da. Egongo dira bat egiten ez dugun gaiak, saiatuko gara komisioan askatzen, eta lortzen ez den kasuan, gaia inportantea bada, udal herri batzarra egingo da. Plenoak ofizializatzeko bakarrik planteatzen dira. Saiatuko gara gai guztiak kontsentsuz eramaten. Ez dagoen kasuan natura politikoz egingo da, bakoitzaren bozkekin.
Biloreren gaian, zer egin dezake udalak legealdi honetan?
Sinadura bilketa egin zen, egoera azalduz helegiteak sartu ziren, bilera eskaerak egin ziren eta erantzunik ez zen jaso. Diputazio aldaketarekin, berriz aztertzen ari gara gaia, eta pentsatzen dugu biltzeko arazorik ez dela egongo. Lege aldetik konplikazio asko daude: erruinan deklaratu zen enpresa bat da, eta kiebra hori udalak ezin du altxatu. Ekonomikoki ez da izango bide erraza. Saiatuko gara, ahal den neurrian.
Zer planteamendu dago harako?
Lehen pausoa deskontaminatzea da, eta eremu horretan arriskua kentzea. Oso kaltetuta dago. Lapurretak direla-eta lehen baino egoera okerragoan uzten ari dira. Bere pisuz eror daiteke, eta edozein istripu sortu. Udalaren beldurra hori da. Bestetik, batzar bat egin zen, eta han ikusten zen gune horrek berriro industrial izan behar duela. Orain hori eztabaidatzea absurdoa dela ere ikusi zen, deskontaminatu arte lur horri ezin zaiolako kalifikaziorik eman. Udal talde berriak egin duen lehen gauza atea ixtea izan da, harriekin sarrera blokatu, gutxienez ibilgailuen joan-etorria saihesteko. Baina arriskua hor dago. Karteltxo batzuk jarri ditugu ohartarazteko. Udalak berez ez dauka hor ardura penalik eta administratiborik, baina guk gainean dugun ardura ikaragarria da; herrigunean dagoenez, umeak igoal sartzen dira kuriositatez.
Horrekin lotuta, arau subsidiarioak berritzeko prozesua dago.
Eremu bezala destino bat eman behar zaio Biloreri. Berreskuratu, deskontaminatu eta arauetan helburu bat eman beharko zaio. Arau subsidiarioen lanketa duela sei-zazpi urte hasi zen. Berdinketaren kontuarekin eten bat egon zen, eta orain hartu da berriz. Biloreren eremuan arau hauek ezingo dute erabilpena jaso, deskontaminatu beharko delako. Naturalki ere epe bat behar da. Hemendik bi-hiru legealditara landu beharrekoa izango da.
Arauetan zer jaso nahi duzue?
Udal eraikina, plaza ingurua… Printzipioz, arauekin errematatzeko bidean uztea aurreikus daiteke lau urteotan. Udaletxea berritzearena parte-hartze batzordean landuko da. Argitu beharko da gutxienez nola izango den. Obra hedadura handikoa da, eta pazientziaz landu beharrekoa. Hankasartze berdina ezin da egin. Zer behar den, nola, zergatik ikusi behar da, oinarrizko lan bat egin. Plaza inguruan orain egiten dena urte askotarako izango da.
Gainontzean, zer egitasmo duzue esku artean Zaldibian garatzeko?
Asko ditugu. Batzuk aipatzearren, ibilgailuen erabilerari garrantzia emango diogu, adibidez. Ordenantza behar da trafikoan. Berdintasun planean, diagnostikoa hastera doa; gero pisua izango duen gaia da. Udal zerbitzuak aztertu eta baloratu nahi ditugu. Udalaren gaitasunak azken 30 urtean berdinak dira; zerbitzuak gehitzen joan da, baina gabeziak sortzen dira. Azterketa sakona egin behar da, zerbitzuak nola dauden, zer hobetu daitezkeen, zer behar dauden. Zaharrak berritu, eta berriei gaur egun gizarteak eskatzen duen tamaina erantsi. Migrazioaren eta aniztasunaren inguruan ere diagnostikoa egin nahi da, gehienbat zubiak irekitzeko beste kultur eta hizkuntza komunitateekin. Gure komunitate propioa ere prestatu errealitate horiek ikus ditzan… Herri batzarrak egin dira, eta horiek guztiak ateratzen ari dira.
Zer denbora-epe markatu dituzue langintzarako?
Urte bukaerara arte ideiak jaso eta plangintzatu nahi ditugu. Lehentasunak jaso, eta lau urteotan lanak nola banatu behar diren zehaztu. Urte bukaerarako gauza batzuetan hasiko dira aldaketak nabarmentzen.
Esku artean dituzuen egitasmoetarako zer bide dituzue ekonomikoki?
Ekonomikoki udala ez dugu gaizki aurkitu. Diru laguntza eskaerak eginez proiektu berriak garatzen saiatuko gara. Laguntzak orain arte sartu dira, eta espero dugu hemendik aurrera ere baietz. Baditugu proiektu potolo batzuk: zinema txukuntzea, hilerriaren beste erdia egitea. Hurrengo kolpea, sosa dagoenean, hori izango da.