«Liburuak badu irakaspen bat: Ez dakigu zer daukagun galtzen dugun arte»
Duela sei urte, bere jaioterria eta familia atzean utzi eta Ordiziara etorri zen Nordia Perez Altamirano (Managua, Nikaragua, 1979). Letren mundua oso gustukoa du betidanik, eta azkenean, pausoa ematea erabaki du, bere aurreneko eleberria idatzita. Gaur iluntzean aurkeztuko du Irene liburua, 19:00etan, Barrenan. Zure lehendabiziko liburua da. Zerk bultzatu zaitu idaztera? Buruan banuen ideia bat, baina hasieran ez nekien nondik nora joko zuen. Garai hartan, familiarekin arazoak zituzten gazteen inguruko saio bat ikusi nuen telebistan. Orduan jakin nuen nondik jo; zerbait didaktikoa egin nahi nuen. Ama ere inspirazio iturri izan dut. Idazten ari nintzela, gaixotu egin nintzen, eta ama izan zen ahal nuela eta aurrera egiteko esaten zidana. Gazteen eta gurasoen arteko arazoak aipatu dituzu. Bai, arazo erreala da, jende askok bizi duena. Gai horren inguruan pedagogia egin nahi nuen, jendeak irakurtzen duenean pentsatu dezala. Gure belaunalditik gaurkora aldaketa handia egon da hezkuntza aldetik, eta egun, orduan imajinatu ere egingo ez genituen portaera batzuk ikusten ditugu. Irene protagonistaren izena hartu du liburuak. Fikziozko pertsonaia da, baina benetako kasuetan oinarrituta. Pertsona askoren bizitza zatiez osatutako historia da, eta jendea erraz identifikatzen da pertsonaiekin eta gertaera horiekin. Irene neska polit bat da, bizitza osoa aurretik duena, baina gertatzen zaion guztiarekin, hondoa jotzen [...]
Duela sei urte, bere jaioterria eta familia atzean utzi eta Ordiziara etorri zen Nordia Perez Altamirano (Managua, Nikaragua, 1979). Letren mundua oso gustukoa du betidanik, eta azkenean, pausoa ematea erabaki du, bere aurreneko eleberria idatzita. Gaur iluntzean aurkeztuko du Irene liburua, 19:00etan, Barrenan.
Zure lehendabiziko liburua da. Zerk bultzatu zaitu idaztera?
Buruan banuen ideia bat, baina hasieran ez nekien nondik nora joko zuen. Garai hartan, familiarekin arazoak zituzten gazteen inguruko saio bat ikusi nuen telebistan. Orduan jakin nuen nondik jo; zerbait didaktikoa egin nahi nuen. Ama ere inspirazio iturri izan dut. Idazten ari nintzela, gaixotu egin nintzen, eta ama izan zen ahal nuela eta aurrera egiteko esaten zidana.
Gazteen eta gurasoen arteko arazoak aipatu dituzu.
Bai, arazo erreala da, jende askok bizi duena. Gai horren inguruan pedagogia egin nahi nuen, jendeak irakurtzen duenean pentsatu dezala. Gure belaunalditik gaurkora aldaketa handia egon da hezkuntza aldetik, eta egun, orduan imajinatu ere egingo ez genituen portaera batzuk ikusten ditugu.
Irene protagonistaren izena hartu du liburuak.
Fikziozko pertsonaia da, baina benetako kasuetan oinarrituta. Pertsona askoren bizitza zatiez osatutako historia da, eta jendea erraz identifikatzen da pertsonaiekin eta gertaera horiekin. Irene neska polit bat da, bizitza osoa aurretik duena, baina gertatzen zaion guztiarekin, hondoa jotzen du. Hala ere, bere bizitza berregiten saiatzen da. Gure herrialdean asko erabiltzen ditugu irakaspenak, eta lan honena zera da: ez dakigula benetan zer daukagun, galtzen dugun arte.
Kultura eta herrialde ezberdinen arteko loturaz ere hitz egiten duzu.
Bai, historia nire jaioterrian hasten da, Nikaraguan. Baina nik egin nuen bezala, Irene ere Euskal Herrira etorriko da. Hemengo kultura ere sartu egin nahi izan dut, neuk ezagutu dudana. Ni iritsi nintzenean, Ordiziara etorri nintzen, eta nire jaioterrira bueltatzeko ez bada, ez nintzateke beste inora joango. Hemengo kultura, artea, historia, tradizioak… dena gustatzen zait, eta hori txertatu egin nahi izan dut liburuan.
Liburua argitaratzeko, ate asko jo behar izan al dituzu?
Editorial askorekin hitz egin dut, eta denetariko erantzunak jaso ditut; egia da ate asko itxi zaizkidala. Aukera batzuk izan ditut, baina baldintzak ez ziren nik nahi nituenak. Liburua argitaratu duen editorialak, lana autoeditatzeko aukera eman dit; askatasun osoa izan dut. 500 kopia egin ditut.
Erabili duzun hizkera ere berezia da, oso kalekoa, oso zuzena.
Bai, neure herrialdeko hizkera erabili dut, kalekoa, benetakoa. Zerbait ezberdina egin nahi nuen, perfekzioa baino gehiago, irakurleak ulertzea bilatu dut, gertutasuna sentitzea. Aditu askok esango dute ez dagoela nondik heldu, akats asko dituela, baina nik hitz egiten dudan moduan idatzi nahi nuen, modu naturalean. Azkenean, hizkera bat edo bestea erabili, narrazioak, kontatzen jakiteak du garrantzia.
Zailtasun horiek ikusita, liburua esku artean izateak ilusioa egingo du.
Bai, liburuak ekarri zizkidatenean izugarrizko sentsazioa izan zen, ez dut sekula ahaztuko. Gure herrialdean oso ‘poetak’ gara denok, artea gogoko dugu, baina garatu gabeko herrialdeetan, oso zaila da liburu bat argitaratzea, dirurik ez dagoelako.
Aurrerantzean ere, ba al duzu idazten jarraitzeko asmorik?
Esperientzia polita izan da eta gustura errepikatuko nuke. Liburua irakurri dutenetako batzuk bigarren zatia egiteko eskatu didate. Egia esan ez nuen pentsatzen hau idatzi eta gero beste ezer egingo nuenik, baina liburu honek barruko harra piztu dit, eta idazten jarraitzeko gogoa dut