Urkian festa eguna gaur, auzotarrak elkartzeko festan
Gurutze Deuna edo Santikutz eguna da gaur, irailak 14, Itsasondoko Urkia auzoan. Mendialdeko gaintxo batean dagoen etxe multzoan elkartu dira goizean auzotarrak, bertan bizi direnak eta gaurko jaia galdu nahi ezta hara joandako asko. Meza entzun dute lehenengo, Urkiko elizan. Jarraian Santakutz etxera joan eta hamaiketako oparoa dastatu dute. Gaur egun elkartea dago Santakutz etxean, garai batean apaizetxea zen. Parean taberna ere badago. Gaurko festa eguna egitarauko hirugarrena da, larunbat-igandeetan izan dituztelako ekitaldiak. Bazkaria egingo dute gaur Urkian, eta arratsalderako Elortza eta Larrañaga trikitilariak joango dira, erromeria girotzera. Propio joan beharreko auzoa da Urkia, Itsasondo eta Legorreta lotzen dituen errepidetik gora, Berostegi auzunean ezkerrera hartuta, lau bat kilometroz. Itsasondoko harkaiztiak ederki ikusten dira handik, baita gaur egun eraikitzen ari diren AHTren obrak ere, goitik. Garai batean 20 baserrik osatzen zuten Urkia, eta denetan bizi zen jendea. Orain hiru-bat etxe dira bizileku, azkeneko hamarkadetan Itsasondoko edo Goierriko beste herri batzuetako kalera joan baitira urkiarrak. Santikutz eguna estimatua dute auzotarrek, baita kanpoan bizi direnek ere. Hogeita hamar bat lagun elkartu dira eguerdian, mahaiaren bueltan hitzaspertua egiteko. Garai bateko festa-egunaz ari ziren batzuk. Soinujoleak tabernako balkoitik jotzen zuela aipatu dute. “Plaza jendez beteta egon ohi zen gaurko egunez, burua besterik ez zen ikusten”, [...]
Gurutze Deuna edo Santikutz eguna da gaur, irailak 14, Itsasondoko Urkia auzoan. Mendialdeko gaintxo batean dagoen etxe multzoan elkartu dira goizean auzotarrak, bertan bizi direnak eta gaurko jaia galdu nahi ezta hara joandako asko. Meza entzun dute lehenengo, Urkiko elizan. Jarraian Santakutz etxera joan eta hamaiketako oparoa dastatu dute. Gaur egun elkartea dago Santakutz etxean, garai batean apaizetxea zen. Parean taberna ere badago.
Gaurko festa eguna egitarauko hirugarrena da, larunbat-igandeetan izan dituztelako ekitaldiak. Bazkaria egingo dute gaur Urkian, eta arratsalderako Elortza eta Larrañaga trikitilariak joango dira, erromeria girotzera.
Propio joan beharreko auzoa da Urkia, Itsasondo eta Legorreta lotzen dituen errepidetik gora, Berostegi auzunean ezkerrera hartuta, lau bat kilometroz. Itsasondoko harkaiztiak ederki ikusten dira handik, baita gaur egun eraikitzen ari diren AHTren obrak ere, goitik. Garai batean 20 baserrik osatzen zuten Urkia, eta denetan bizi zen jendea. Orain hiru-bat etxe dira bizileku, azkeneko hamarkadetan Itsasondoko edo Goierriko beste herri batzuetako kalera joan baitira urkiarrak.
Santikutz eguna estimatua dute auzotarrek, baita kanpoan bizi direnek ere. Hogeita hamar bat lagun elkartu dira eguerdian, mahaiaren bueltan hitzaspertua egiteko. Garai bateko festa-egunaz ari ziren batzuk. Soinujoleak tabernako balkoitik jotzen zuela aipatu dute. “Plaza jendez beteta egon ohi zen gaurko egunez, burua besterik ez zen ikusten”, zioen gaur egun Araman bizi den Urkiko emakume batek. “Festa handia izaten zen”.
Nikolas Iturriozek ere hutsik egin gabe jo du gaur Urkiara. Musikaria da, urte askoan txistulari —Beasaingo udal txistulari bandan zortzi urtez aritua, Txanborekin eta Bittoriano Telleria idiazabaldarrarekin batera— eta organista ibilia da. “Duela hirurogei bat urte hasi ginen Itsasondoko txistulariak Urkiara etortzen, Santikutz egunez. Udalbatza osoa etortzen zen, lehenengo meza entzun, eta gero bazkaritara. Gu, haiekin”, gogoratu du Iturriozek. Urkian ez zuten ohiturarik etxez etxe txistu jotzen ibiltzeko —Itsasondon bai, andremaritan—.
Erromeria Santikutz egunean egin ohi zen Urkian —maiatzekoak ere ospatzen dituzte—. Urkiko beste emakume batek esan du gainerako igandeetan mendian gorago elkartzen zirela inguruko gazteak, eta han egiten zela erromeria.
Auzo zaharraren espiritua eta festa giroa mantendu dute, beste urtebetez, Urkian. Hamaiketakoak eta otorduak elkartean prestatzeko bi talde egiten dituzte. Lau lagun sukaldean jardungo dira gaur ere. Betiko auzokideekin elkartu, sorlekura bildu eta antzinako ohiturak (baina oraingoak ere badirenak) iraunaraztea ez dela horren zaila erakutsi dute, beste behin, auzotarrek. “Borondate pixka batekin nahikoa da”, zioen gizon batek. Urte askoan halaxe.