«Samurtasuna gure barruan dagoen hazia da, baina estalita»
'Misterioari dario' ikuskizuna aurkeztuko du bihar Maroto, Goenaga eta Ramirezekin batera Antioko baselizan. Salamerok (Zumarraga, 1966) errezitatuko ditu poemak.Sentiberatasuna al da biharko ikuskizunaren giltza?Niri poesian murgiltzea egokitu zait: ...
‘Misterioari dario’ ikuskizuna aurkeztuko du bihar Maroto, Goenaga eta Ramirezekin batera Antioko baselizan. Salamerok (Zumarraga, 1966) errezitatuko ditu poemak.
Sentiberatasuna al da biharko ikuskizunaren giltza?Niri poesian murgiltzea egokitu zait: idaztea, deklamatzea, errezitatzea, kantatzea gustatzen zait. Jardun horiekin guztiekin ditudan loturak haurtzarotik datoz. Orain, kezka berri batek beste ildo bat jorratzera bultzatu nau. Hain zuzen, ikusten dudalako nolako sokan gauden sartuta: presa, ezinegona, urduritasuna…
Horiek guztiak mutur batera eraman ditugu eta inkonszientearen soka luzatu eta luzatu ari gara [kontzientzia eta konszientzia bereizten ditu Salamerok, bigarrena erabiltzen du elkarrizketa osoan]. Ez dugu izanean asko erreparatzen, eta zer dago ederragoa izana samurtasunetik lantzea baino! Sentiberatasunak beste ukitu bat ematen dio guztiari. Ez da, halere, beste munduko misterio bat.
Samurtasuna baina, zer da zuretzat? Keinu bat? Laztan bat? Begirada bat?
Gure baitan daukagun sentimendu bat da, txikitatik daukaguna. Haurrak garenean lehertzen da oso era naturalean. Umeak badaki izan badela, naturala da eta freskotasuna dario. Haur batek pentsatu gabe besarkatu egiten du edo begirada batez adierazten du sentitzen duena.
Alabaina, konszientzia integratzean egoak gure baitan bere habia egiten du eta naturaltasuna galtzen dugu. Hortik beldurrak, haserreak, ezinegonak… Zer egin? Hori desikasi eta itzuli barrura, baina lan nekeza da. Samurtasuna gure barruan dagoen hazia den arren, geruza ugarik estalita dago, desestali egin beharko genuke.
Barrura begiratzearen garrantziaz ari zara, baina samurtasuna ez al da baita ere besteekin komunikatzeko era bat?
Bai. Neuk maite eta samurtu behar dut nire burua eta gero beste esaten dugun horretara jo, baina bata eta bestea ez daude banatuta, beste hori zure osotasuna da, hau da, beste hori zu ere bazara.
Nola islatu dituzue ideia hauek ikuskizunean?
Haurrak negar egiten du mundura etortzen denean. Jostari aritzen da emozioekin. Garuna bi zatitan banatuta dago: arrazionala eta emozionala. Bi atal horiek sokatiran aritzen dira. Gizakiak arrazonatu egiten du, pentsatu, sentitzen du eta bizi du eta… Halako batean, gaizkilea agertzen da. Ateak ireki eta egoa sartzen da milaka itxura hartuta. Ikuskizunean ego horrek nora eraman gaituen aurkeztuko dugu eta bestelako bideak iradokiko ditugu, batik bat, maitasunaren bidea.
Samurtasunari buruzko tailerrak egiten hasi zara.
Bai. Tai zentroan hasi gara eta Urretxuko Karman aurkezpen bat egingo dugu. Beasaingo Ttikliken ere urriaren 29an egongo gara. Elkartu eta burua, sentimenduak eta emozioak lantzen ditugu. Bakoitza une horretan nola dagoen aztertzen dugu. Milaka ariketa daude, pertsonei buruzko proiekzioak apurtu edota erabaki potoloen zein txikien arteko banaketarik ez dagoela erakusten duten ariketak egiten ditugu.
Gidari lanak egiten al dituzu?
Biziak hainbat egoeratan jartzen zaitu eta egoera horiek kanpotik datozela uste izaten dugu, baina guk geuk sortzen ditugu eta neu ari nintzen bide honetara etortzen. Aspaldi ari nintzen honi guztiari buruz gogoeta egiten.
Idazten ari al zara?
Bai, Misterioari dario izango den liburu baten titulua da. Haikuak ere pila bat dauzkat, haurren izendegi bat prestatzen ari naiz, jardun horretan nago. Haikuak zenbakietan ordenatuta dauzkat. Esan zenbaki bat.
Bederatzi.
Erne ez egon: Eulitzarrak ispiluan/behin eta berriz talka egiten du/eta ez du/ez du inolaz bere burua ezagutzen.
Ez dok amairuk lehenengo bilera egin zuela 50 urte bete dira egunotan. Zuri arrastoa utzi zizun, ezta?
Berpizte bat izan zen gure kulturarena. Argi handi bat izan ziren eta itzala utzi zuten. Unerik beteenean eta osoenean apalki bere tokitik aldendu ziren. Niretzat apaltasunaren seinale dira, jakintza sortu zuten, baita jendearengan jakin-mina errotu ere, gero apalki atzera egin eta bakoitzak bere bidea hartu zuen.
Eskoletan landu beharreko gaia dela uste dut, gure eskolan [Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean irakasle da] egokitu zitzaigun lantzea. Nire aldetik eskerrik asko handi bat bihotz bihotzetik Ez dok amairu izan ziren guztiei.
Olerkigintzari dagokionez, Ez dok amairuko kide izandako Joxan Artze erreferente izan da zuretzat.
Olerkigintzan nire erreferenteak kantariak izan dira haurra nintzenetik, baita Lizardi eta Artze ere. Artze niretzat lagun handia da, poeta handia eta, nire ustetan, Euskal Herrian dagoen errezitatzaile onena. Ikusgarria da zenbateko garrantzia eman dion hitzari, ahoskerari nahiz indarrari. Bere letrak dituzten kantuak hor daude eta txalapartan zer esanik ez. Nire ustez, txalapartan transzendentzia ukitu du. Ttakunaren esentzia utzi digute Artze anaiek. Joxean eta Jexux Artze zilborresteak lotzen zituen bi anai ziren eta txalaparta jotzen zutenean agerian geratzen zen.