EH Bilduk dio zorra EAJrena dela
EH Bilduri errua botatzeko «aitzakia» asmatu dutela dio koalizioak; eta EAJri eta PSEri «gaitasun falta» egotzi diote. Sasietako «zuloa» oraingo erabakien ondorio dela dioteSasieta Mankomunitateak 1.665.000 euroko zorra duela argitaratu zuten joa...
EH Bilduri errua botatzeko «aitzakia» asmatu dutela dio koalizioak; eta EAJri eta PSEri «gaitasun falta» egotzi diote. Sasietako «zuloa» oraingo erabakien ondorio dela diote
Sasieta Mankomunitateak 1.665.000 euroko zorra duela argitaratu zuten joan zen astean Gipuzkoako hedabide batean eta desfase hori EH Bilduren kudeaketari egozten zioten. Atzo berriz, koalizioaren Goierriko hainbat ordezkari prentsa aurrera atera ziren baieztapen hori gezurtatzera. Informazioa «interesatua» dela salatu zuten eta EAJri zaborren kudeaketan «atzera» egitea leporatu zioten.Zor hori badela ukatu ez zuten arren, arrazoia ez dela EH Bilduren kudeaketa izan esan zuen atzo Azeari Andonegik eta EAJ zein PSEren erabakiei egotzi zien errua. Sasietako lehendakari ohiak azaldutakoaren arabera, azken hauteskundeen ondoren Sasieta Mankomunitatea eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa kudeatzen duten EAJ eta PSEko ordezkariek «hautsi egin dute 2015ean gauzatu behar zen hitzarmena». Hitzarmen hori gauzatu gabe Sasietarentzat aurreikusten zen ekarpen ekonomikoa ere galdu egin dela esan zuen Andonegik.
GHK eta Sasietaren arteko hitzarmen horrek zabortegia egokitzeko eta ordainketa egiteko konpromisoa jasotzen zituen Andonegiren esanetan. «Inongo alternatibarik mahai gainean jarri gabe bultzatu dute hitzarmen horren haustura».
Gauzak horrela, EAJ eta PSEk zor hori Sasieta mankomunitatea osatzen duten 22 herriek ordain dezatela proposatzen dutela salatu du EH Bilduk. «Zuloa, beraz, EAJ eta PSEren lehen erabakiek sortu dute», zioen bozeramaileak.
EH Bilduren aurka zabaldutako mezua herritarrek gehiago ordaindu behar izana justifikatzeko «aitzakia» dela ziurtatu zuten: «Gaitasun falta ikaragarria erakusten dute gestioaren ardura hartu berri duten bi erakunde politiko zahar hauek».
Egoera horren aurrean, «alderantzizko mezua» zabaldu nahi izatea egotzi diote EAJri eta «alderdikeriaz» jokatzea leporatu: «EH Bilduri leporatu diote beste batzuen kudeaketa eskas eta interesatuek sortutako kaltearen ardura».
Birziklatzeko helburuz
Azken urteetan hondakinen kudeaketan egindako lanari errepasoa eginez, EH Bilduk birziklapena sustatzeko asmoz lan egin duela ziurtatu zuen lehendakari ohiak. Era berean, «Gipuzkoa osasuntsuago baten aldeko jarrera garbia» izan dutela defendatu zuten. Bide horretan, gainera, «aurrerapauso handiak» eman direla zioen, birziklatze tasak igotzea eta azpiegitura toxikoen itxiera bultzatu dutelako.
Agintaldi berriarekin hondakinen kudeaketan egitea aurreikusten diren aldaketekin «atzera egiteko arriskuan» gaudela zioen Andonegik. Helburua birziklatze mailari eustea edo maila hori igotzea izan beharrean, «errauste plantari jaten emango dion zaborra» sortzearen aldeko jarrera dagoela salatu zuen.