Otatza sagardotegiko biltegia kiskalita gelditu da
Astelehen goizean piztu zen sua, eta bi auto, etiketadorea eta sagardotegiko hainbat meterial erre zituen
Joxe Antonio Iparragirre penatan dago egunotan. Otatza sagardotegiko jabea da, eta astelehenean biltegia erre zitzaion. “Hamaikak aldera, bat–batean, autoak sua hartu zuen. Azkar zabaldu zen dena. Eskerrak suhiltzaileak azkar ibili ziren eta eraikin nagusira ez zen garrik igaro”, dio. Oraindik seguruak lanean dabiltza, eta ez daki zehazki zenbateko galera eragin dion suak. Bi auto eta sagardoaren salmentarako materiala zituen garajean, eta dena kiskali da. “Sua erraz hartzen duten materialak zeuden bertan: egurrak, kartoizko eta plastikozko kutxak… Teilatuan material isolatzaileak zeuden, eta ziztu batean hartu zuen su”. Teilatuaren zati bat behera erori zen. 48 orduren buruan, erre usaina nabaria da biltegian. Goitik behera dena berritu beharko dela agerikoa da.
Halere, kalte pertsonalik ez zen izan. “Lehendabizi etxekoak saiatu ginen sua itzaltzen eta pixka bat erre ginen. Baina ezer larririk ez”, dio Iparragirrek. Osasun zerbitzuek bi pertsona artatu zituzten tokian bertan.
Iparragirrek ez du uste sagardotegi garaian eraginik izango duenik suteak, dolarean kalte handirik ez delako egon. Halere, laster hasiko da sagarra biltzeko garaia, eta ordurako ez du uste biltegia erabat berriturik egongo denik. Era berean, sagardo botilen salmentan baliteke eragina izatea. “Suak etiketadora kiskali zuen, baita banaketarako kutxak eta botila batzuk”.