Azken egunetako otordu handien ondoren barazki eskea asetzeko adina postu izan da urteko lehen ferian, hutsune batzuk ere bai, eta giro hotzak jendea atzeratu egin duen arrenN eguko bigarren ferian, negu giroa: 4-7 gradu goizean. Hala ere, agur eta ...
Azken egunetako otordu handien ondoren barazki eskea asetzeko adina postu izan da urteko lehen ferian, hutsune batzuk ere bai, eta giro hotzak jendea atzeratu egin duen arren
N eguko bigarren ferian, negu giroa: 4-7 gradu goizean. Hala ere, agur eta on- gi opatze hitzak hitzetik hortzera feria lagunen artean. Eta produktuei begiratuz, udazken ederraren oroimena eta seinaleak ez dira itzaldu. Oraintxe arte izotzik bota ez izana ere nabarmen dute barazkiek, ederrak eta ugari. Esate baterako, negutegiko piperra oraindik badago Aramako Patxi Arizmendiren postuan.Ez zen harritzekoa hutsune batzuk ikustea. Aurreko egunetan lana egin behar izaten da generoa prestatzen, eta Urte Zahar eta Urte Berri ez dira horretarako hain egokiak. Hutsuneak hutsune, eskaintza polita zen barazkietan: aza, azalore, romanesku, brokoli, kale aza, porru, zerba, ziazerba, borraja, eskarola, azenario… eta urte guztian zehar izan ohi diren patata, lekale ezberdinak, tipula…
«Sagar ezurtea»
Hemengo frutei dagokienez, mugatuago geratzen dira gure azokak. Mizpirarik ez dugu ia ikusi eta oraintxe kiwia eta sagarra nagusi. Sagarrei dagokienez, datorren astetik aurrera eskaintza murritzagoa izango da oraindik. Izan ere, Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk etortzeari utziko baitio, «apirilean baba handiekin hasiko naiz berriz ere». Gustura sumatu dugu aurten salmentari dagokionez: «Konpetentzia handirik ere ez, eta gure neurrian ondo saldu dugu». Nolako denboraldia izan den galdetuta, «sagar ezurtea izan da», gutxi alegia, baina izan dena ona esan digunez.
Intxaurra ere aipagai dugu. Ez dela intxaur urtea izan bistakoa da, oso gutxi eta kaxkarra ikusten da. Aldiz, itxuraz behintzat ederra Maria Jesus Oriak ekarritako nafar intxaurra esanez ezagutzen dena: «Ikusteko bai handia, baina mamia ez du besteak baino askoz handiagoa». Eta arina da pisuz ere. Kiloa 6 euroan salgai dira.
Arkumearen prezioak, Urte Berri pasa orduko, koxka nabarmena behera egin du, azken urteetan gertatzen ari den moduan; 3,30 euroan kiloa +BEZ aste honetan. Larsabik emandako informazioaren arabera, 32 artzainen ia 3.800 arkume salduko dituzte aurtengo denboraldian. Hau BM supermerkatuetan eros daiteke Latxa arkumea/cordero lacho etiketa ber- dedun egiaztagiriarekin.
Maite Iturbek, bestetik, zortzigarren urtea bete du Ordiziako ferian. Urteko lehen ferian hasi zen etortzen 2011n, eta harrezkero asteazkenero hortxe izaten da. Ogi ezberdinak izateaz gain, arto opila, zopakoa, madalenak, pastak… «Oso gustura nago ni hemen», urtea joan urtea etorri hala aitortzen digu Maitek.
Eguna luzatzen hasi da
Gutxi bada ere, hasi da eguna luzatzen eta berez laburtasuna adierazten duen beste esaera hau jaso diogu Oreindaingo Lugarragako Pepita Aiestarani: «Santa Lutzin hasi eta Eguberrirako oilo harrabete antzematen da», hutsaren pare, baina luzatu halere. Negua hasi berri badugu ere, poza ematen duen gertaera naturala. Galtzear den harrabete neurriaren berri izateko ere baliagarri izan zaigu, alegia, eskua luze-luze zabaldu eta behatz potolo puntatik eta txikiaren puntarainoko tartea da.
Ikasgaien iturriak beti zabalik dirau ferian.