Magiak beteko ditu bihar arratsaldean Goierriko bederatzi herritako kaleak: Ekialdetik helduko dira Errege Magoak zaldi gainean. Haurrentzako opariak banatzen hasi aurretik, ordea, zamalkadak eta harrerak egingo dizkiete.Pajeek, musikariek, dantzariek,...
Magiak beteko ditu bihar arratsaldean Goierriko bederatzi herritako kaleak: Ekialdetik helduko dira Errege Magoak zaldi gainean. Haurrentzako opariak banatzen hasi aurretik, ordea, zamalkadak eta harrerak egingo dizkiete.
Pajeek, musikariek, dantzariek, eta, oro har, festa giroak hartuko ditu bihar Goierriko bederatzi herritako biztanleen bihotzak: magiaz beteriko gaua hasi aurretik, zamalkadak egingo dituzte.BEASAIN
Beasaingo zamalkadak dibertsioaz gain, elkartasuna ere badu ardatzean: Txilibutxof Aisialdi Taldeak antolakuntza lanengatik jasotako dirua Haitin eskola bat eraikitzeko emango dio Herriak Elkarlanean erakundeari.Igartzako jauregian hasiko da zamalkada 18:15ean, eta 19:15ean amaituko da San Martin plazan. Bertan egingo diete Errege Magoei ongi etorri ekitaldia.
IDIAZABAL
Idiazabal ezaguna da izen bereko gaztaren ospeagatik, baita bertako indiano etxeengatik ere. Horietako bat izango da zamalkadaren abiapuntua, 18:00etan: Txomenamen egoitza, alegia.Hiru erregeak bertatik plazara joango dira, herriko haurrak protagonista izango dituen jaiotza ingurura. Amaieran, kioskoan gerturatzen direnei goxokiak eta opariak emango dizkiete.
LAZKAO
Haurrek ez ezik, adineko pertsonek ere jasoko dute errege zamalkadaren babesa Lazkaon: Errege Magoek 11:00etan Txindoki egoitza bisitatuko dute.18:30ean hasiko da zamalkada, eta hiru erregeek musikarien eta dantzarien laguntza izango dute Lazkaoko kaleetan barrena ibiltzeko.
LEGAZPI
Lotura estua dute dantzak eta Legazpiko errege zamalkadak, izan ere, Korosti dantza taldeak antolatzen du ibilbidea azken urteotan.18:00etan abiatuko da Bikuña kiroldegitik, eta bi geldialdi egingo ditu bidean zehar. Bat Laubide kalean, eta bigarrena Euskal Herria plazan.
OLABERRIA
Olaberrian zamalkada jendetsua egingo ez duten arren, berezitasun ugari izango ditu. Hau nabarmenena: hiru erregeek opariak banatuko dizkiete haurrei.18:00etan abiatuko da zamalkada Errekaldetik, eta Ihurren emango diote amaiera.
ORDIZIA
Goierriko zamalkadarik zaharrena da Ordiziakoa: 1942an antolatu zuten lehenengoz. Hala ere, 76 .urtean ez du xarmarik galdu.Buztuntza auzoan hasiko dute 18:30ean hiru erregeek ibilbidea, eta Plaza Nagusian amaituko da zamalkada.
ORMAIZTEGI
Ormaiztegin goizean piztuko dute ilusioaren zuzia: 12:00etan emango die Eraldoak herritarrei erregeen iritsieraren berri.Mendizabalen hasiko da zamalkada 18:00etan, eta ibilbidea amaitzean haurrek hiru erregeekin egoteko aukera izango dute.
ZEGAMA
Musika Zegamako errege desfilearen sustraietan dago: 1997 urteaz geroztik Tobera musika eskolaren ardura izan da zamalkada antolatzea.19:00etan hurbilduko da Maxkurre ingurutik zamalkada herriko plazara, eta Zegamako kaleetan barrena ibili ostean, elizan amaituko dute ibilbidea.
ZUMARRAGA
Musika, antzerkia eta giro ona uztartzen ditu Zumarragako zamalkadak. 19:00etan abiatuko da Antiotik, eta 20:00etan iritsiko dira Euskadi Plazara.Herodesen gazteluko gertaera antzezteaz gain, udaletxeko jaiotzaren inguruan Gabonetako abestiak joko dituzte musikariek.