Pilota jaialdi berezia antolatu dute Ezkioko pilota eskolakoek biharko, urtarrilaren 5erako. Eskola sortu zutenetik egindako lanaren emaitza erakusteko helburuarekin antolatu dute. Beraz, bihar, pilota izango da protagonista, Ezkioko pilotalekuan, goiz...
Pasa den urrian jarri zuten abian Ezkioko pilota eskola. Harrezkero hiru hilabete eskas pasatu dira baina dagoeneko, ikasitako guztia erakutsi nahi diete herritarrei. Jose Mari Gabirondo taldeko kidea da eta berak adierazi duenez, «udalari jaialdia antolatzeko proposamena egin eta harrera oso ona» jaso zuten. Hori horrela, azkeneko asteetan, bihar egingo duten Pilota Jaialdia prestatzen aritu dira «ilusio handiarekin». Gainera, herriko enpresei esker, ekipazioa ere estreinatuko dute.
Goiz osorako egitaraua
Goizeko 10:00etan ekingo diote festari. Taldeko txikienen txanda izango da lehenik. Horiek, pilota erakustaldi polita egingo dute. Jarraian, 11:00etatik aurrera hain zuzen ere, taldeko zaharrenen txanda izango da. Horiek, bikoteka, txapelketa jokatuko dute. Lau bikote arituko dira guztira eta guztiek guztien aurka jokatuko dute. Ondoren, mokadutxo bat jango dute berriro ere indarrak hartzeko.
Azkenik, Ezkioko Pilota Goxua Txapelketako irabazle izan zen Amezketako bikoteak, Ezkioko bikote baten aurka jokatuko du.
Izen-ematea zabalik
Une honetan 5 eta 14 urte bitarteko 14 bat haur ari dira pilota eskolan. Helburua, «kirola egin, harremanak sendotu eta ongi pasatzea» da. Ostiraletan biltzen dira Ezkioko pilotalekuan, 17:00etatik 18:00etara 8 urte artekoekin eta 18:00etatik 19:00etara, 8 urtetik aurrerako pilotariekin.
Taldeko kide izateko interesa duten haurrek aukera dute. Gainera, ez da derrigorrezkoa Ezkiokoa izatea. Interesa dutenak, entrenamendura ager daitezke.