«Trantsizio ekologikoaren alde egingo dugu»
Alberto Bezunartea Elkarrekin Podemos-IU-Equo Berdeak (eta independenteak) koalizioaren alkategaia da; orain lau urteko udal hauteskundeetan Irabazi izenarekin aurkeztu ziren eta zinegotzi bat atera zuten. Azken lau urteetan udalbatzako kide izan da Bezunartea. Ingeniari agronomoa da, ingurugiroan masterra dauka eta topografo gisa urteetan lan egin ondoren, energia eraginkorren eta berriztagarrien eremuan lan egin du, berak sortutako enpresan.
Elkarrekin Legazpiren hautagaitzaren ezaugarri nagusiak honakoak dira Bezunartearen hitzetan, «gertutasuna, prestakuntza teknikoa eta diru publikoaren kudeaketarako ardura maila handia».
Programaren proiektua nagusiak helburu bakarraren inguruan biltzen dira, hain zuzen, «Legazpiko ekonomiaren sustapen jasangarria». Legazpiarren parte hartzea sustatzeko baliabideak lehenetsiko dituztela erantsi du eta erantsi du, «trantsizio ekologikoaren alde egiten duen zein gizarte zerbitzuak lehenesten dituen udala lortu nahi dugu». Legazpiar guztien ongizatea eta udal jardunaren gardentasuna dira eurentzako atzeman beharreko «saririk preziatuenak».
Elkarrekin Legazpik «energia berriztagarrien erabilpena bultzatuko du arlo guztietan eta lagundu ere bai».
Gardentasunari dagokionez, «osoko bilkurak zuzenean ematea eta etxetik eskaerak zein galderak egiteko aukera sustatuko dugu». Gizarte arloan, «musika eskola ohia ekintzaileen, elkarteen zein kultur eragileen esanetara jartzea da gure asmoa». Kirol arloan Bikuñako kirol gunean kirol anitzeko kantxa eta taberna-denda bat egin nahi dute. Lanen arloan aurrekontu parte hartzaile «faltsuetan» legazpiarrek proposatutako proiektu guztiei lehentasuna emango diete. Legazpiko zatiki organikoaren kudeaketa integrala sustatuko dute «konposta-egite planta txiki bat bultzatuz».
«Ilusioz» aurkezten dela dio eta alkate «hurbila eta umila» izango dela.