Zalantzen aurrean, zentzuz jokatu
COVID-19aren hedapena saihesteko azken neurriek zalantzak sortu dituzte herritarren artean, batez ere, mugikortasunari dagokionez. Aldundia 5.000 biztanletik gorako herriekin bilduko da gaur.
Urriaren 27 goizaldetik indarrean dira COVID-19aren hedapena zabaltzea ekiditeko, Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurriak. EAEko herritarren mugikortasunean eragina izango du, besteak beste. Herritarren artean zalantza ugari sortu dute dekretuko arauek, batez ere, norbere herritik ez ateratzeko eta mugikortasuna mugatzeko erabakiak. Iturri ofizialek herritarrei emandako gomendioa da zentzudun izan daitezela.
Herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitze aldera Mikel Serrano Zumarragako alkateak esan du «arazoa da interpretaziorako tarterik uzten baldin bada, araua betetzeko zailtasunak izaten» direla. Aste honetan indarrean sartu diren arauen helburua «mugikortasuna saihiestea» denez, «kontua ez da galdetzen hastea Legazpira joan gaitezkeen ala ez». Gainera, «benetako lehentasun izan daitezkeen gauza horientzat sabuespenak» daudela gogoratu du. Adibidez, «inguruko herrietatik Zumarragara, osasun arazoengatik ospitalera joateko». Gaineratu du, «neurriak bideratuta daude erlazio sozioekonomikoak mantentze aldera». Zumarragako alkatearen hitzetan «egoera honetan, katuari bost hanka bilatzea ez da aproposena», eta batzuentzat oso logikoak ez diruditen neurrien aurrean «zentzudunak izatea» eskatu du.
«Ez da ezer baztertzen»
Foru Aldundia 5.000 biztanletik gorako herrietako alkateekin bilduko da gaur, eta ostegunean 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietako alkateekin. Goierriko atzoko datuak dira, 61 kasu positibo gehiago daudela. Datuak egonkortzen ez direla ikusita «egoeraren jarraipenerako bilera hau guztiz beharrezkotzat» jo du Serranok. Bilera horretan neurri zorrotzagoak mahai gainean jarriko ote diren galderaren aurrean esan du «aldundiak neurri berriak hartzeko eskumenik ez duela».
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea den Bingen Zupiriaren esanetan, hurrengo asteak «konplikatuak» izango dira, birusaren hedapena saihesteko. «Etxeratze orokorra saihestea» nahi dutela baina neurri hori ez dutela guztiz baztertzen.
Gakoak
1. Etxeratze agindua. 23:00etatik 06:00etara ezinda kalean ibili. Salbuespenak: lanera joateko, sendagaiak erosteko, medikuarenera edo albaitariarenera joateko, legezko betebeharrak betetzeko, zaintza lanetarako eta «ezinbestekoa»den kasuetarako.
2. Mugikortasuna. Ezin da erkidegotik irten, salbuespenak kenduta: lanera joatea, medikutara, ikasketa zentroetara, menpekotasunen bat dutenak eta adinekoak laguntzera edo zaintzera, azterketa ofizialak egitera, epaitegira edon otarioarenera. Zirkulazioari dagokionez, erkidegotik igaro daiteke, baldin eta beste leku batera joateko bidaia baldin bada. Bizileku den herritik ezin da irten, erkidegoko sartu-irtenetarako salbuespen kasu berberetan ez bada . Ezin da beste udalerri batera joan, bakarrik,«mugakide diren herrien artekomugikortasuna» onartuta dago, baldin eta helburua bada «banakako gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egitea».
3. Jendea elkartzea. Gehienez sei laguneko taldeak elkar daitezke bai toki itxietan bai aire zabalekoetan, pribatuetan eta publikoetan. Sei lagun baino gehiago elkartu daitezke soilik elkarrekin bizi badira.
4. Ostalaritza eta elkarteak. Tabernak eta jatetxeak 06:00etatik 23:00etara ireki daitezke. Barran kontsumitzea debekatu egin dute, eta uneoro maskararekin egon behar dute bezeroek, jateko eta edadeko momentuan soil-soilik kenduta. Gasolindegietako tabernek, 23:00etatik 06:00etara garraioko profesionalei soilik eman diezaiekete zerbitzua. Itxita segituko dute diskotekek, gaueko aisialdiko establezimenduek eta elkarteek.
5. Establezimenduak. Gehieneko edukiera adierazi beharko dute jendaurrean, eta neurriak hartu segurtasun tartea mantentzeko. Gutxienez hiru aldiz aireztatu behar dute lokala. 20:00etatik 08:00etara ezin dute alkoholik saldu –ostalaritzan, bai–.
6. Azokak. Aire zabaleko azoketan, gehienez postuen erdiak jarri ahalko dira, eta metro eta erdiko distantzia beharko da postu batetik bestera. Bezeroen joan-etorriaere mugatuta egongo da.
7. Kultura. Erdira jaitsi beharko dute ekitaldia egin nahi den lekuko edukiera eta distantziak zaindu.
8. Kirola. Taldeko edozein kirol jarduera eten egiten da. Salbuespenak: gimnasioetako ikastaroetan maskara jantzita egitea, kirol profesionala eta erdi-profesionala. Gainontzean, seiko taldeetan entrenatu ahalko da. Eskola kirola eten egin da.
9. Garraioa. Ez dago edukieraren mugarik garraio publikoetan eta 00:00etan du abiatzeko azken ordua. Taxiek eta ibilgailu gidaridunek ez dute ordutegi muga hori.