La Leze gaztandegiak bi sari jaso ditu 'Great Taste' lehiaketan l. goiburu
Arditegia Ilarduian (Asparrena, Araba) duten Joxemari Jauregi eta Eli Gorrotxategi goierritarrek bi sari jaso dituzte Londresen egiten den Great Taste lehiaketan. Bi izar lortu dituzte gazta naturalarekin La Leze gaztandegikoek, eta beste bi izar gazta ketuarekin. Mundu osoko milaka elikagai biltzen ditu lehiaketak. 1994. urtetik egiten da eta aurtengoa 17. edizioa izan da.
Guild of Fine Food elkarteak antolatzen ditu Great Taste sariak. Aurkeztutako produktuak kategoria desberdinetan sailkatu eta kata itsuen bidez aukeratzen dituzte irabazleak.
La Leze bezala Idiazabal Jatorrizko Izendapena eta Artzai Gaztako bazkideak diren Angel Linzoain (Iragi-Nafarroa)eta Patxi Lopez de Uralde (Larrea-Araba) gaztategiek ere jaso dituzte sariak. Angel Linzoainek izar bat jaso du gazta naturalarekin, eta Patxi Lopez de Uraldek izar bana, gazta naturalarekin eta ketuarekin. Hiru sarituek haien larreetan bazkatzen duten etxeko Latxa artaldeko esne gordina erabiliz egiten dute gazta.
Artzai Gazta eta Idiazabal Jatorri Izendapenekoek nazioarteko sari horiek txalotu dituzte, sektorerako onuragarriak izango direlarik. «Beste behin, artzai eta gaztagileen ahalegina, ilusioa eta lan ona goraipatzen du», adierazi dute elkarteek zabaldutako ohar baten bidez.