Emakumeen Etxeak lau hitzaldi antolatu ditu urte amaiera bitarterako
Urola Garaiko Emakumeen Etxeak lau hitzaldi antolatu ditu datozen asteetarako. Adikzioak, depresioa, elikadura eta feminismoa eta lodifobiaren gaiak landuko dituzte partaideek, adituen laguntzarekin.
Parte hartzeko izena ematea, gomendatzen dute. Horretarako, 943 25 23 89 telefono zenbakira deitu, berdintasuna@uggasa.eus helbidera idatzi edo 649 748 343 zenbakira whats app mezu bat bidali daiteke.
Hainbat arazo aztergai
Lehen hitzaldia datorren ostegunean, hilak 18, egingo du Yolanda Cervero psikologoak, Adikzioak eta emakumeak: nola bizi dituzte, nola egiten diete aurre eta nola eragiten diete izenburupean. Emakumeen Etxean izango da, Urretxuko Pagoeta auzoan, 17:30ean hasita.
Hurrengo hitzorduan depresioaren gaia landuko du Maria Zapatak. Depresioa ikuspegi soziokulturaletik eta feministatik hitzaldia hilaren 23an izango da, toki eta ordu berean.
Abenduaren 2an, bestalde, Etxaldeko Emakumeak taldeak Elikadura burujabetza eta feminismoa eskutik hitzaldia egingo du Legazpiko Kultur Etxean, 17:30ean. Eta zikloa amaitzeko, abenduaren 16an Irati Garciaren Lodifobia: indarkeria sinbolikotik harago hitzaldiarekin izango da hitzordua, Ezkioko udaletxean, 17:30ean.