Lau pilotari goierritar lehiatuko dira Binakako Txapelketetan
Binakako pilota txapelketak gaur hasiko dira. Aurreko lehiaketa bukatu zuen bikote berarekin, hasi ere. Profesionaletako bi mailetan, lau pilotari goierritar lehiatuko dira: Jon Ander Albisu, Iker Irribarria nagusian, Iraitz Zubizarreta eta Xabier Erostarbe promozio mailan.
Albisuk Jon Ander Peñarekin osatuko du aurten ere bikotea. Estreinako partidan, gaur, Jaka-Mariezkurrena bikoaren aurka ariko dira, Berriozarren (Nafarroa) 22:00etan.
Jaialdi berean jokatuko du Zubizarreta III.a ataundarrak ere, Erasun lagun duela; Alberdi-Uriondo izango dituzte aurkari.
Maila nagusian, Iker Irribarriaren lehiaketarako itzulera ospatuko du Binakakoak. Rezusta bergararra du atzelari. Hain justu, bi-bitako aurreko txapelketan belaunetik lesionatu, eta ebakuntza bat tarteko, txapelketa ofizialetan buruz burukoak eta lau t’erdikoan parte hartu ezinik egon da. Binakakoan debuta Bartzelonan egingo dute, bihar (Vall d’Hebrongo frontoian, 16:30ean), Altuna III.a-Martijarekin.
Xabier Erostarbe urretxuarra Salaberriarekin ariko da, Promozioko binakakoan. Victor-Gaskue bikoaren aurka dute lehenengo jardunaldia, Bartzelonan.
Udaberrira arte
Bai maila nagusian, bai bigarrenean, 14 jardunaldiko ligaxka jokatuko da, zazpiko bi itzulitara. Zortzi bikote ariko dira txapelketa bakoitzean. Promozioko finala martxoaren 27an da, Labriten; Lehen Mailakoa, apirilaren 3an, Bizkaia frontoian.