Antzerki Garaiak gazteak euskarazko antzerkira erakarri nahi ditu
Zortzi emanaldi izango dira; erdiak, Beasain eta beste erdiak, Ordizian. Sei emanaldi euskaraz izango dira. Obra guztiak ikusteko abonuak salgai daude, Barrenan eta Usurben
Antzerki garaia zikloak euskararen aldeko hautuari eutsi dio. Emanaldien hiru laurden euskaraz izango dira, beste edizio batez. 2022koa 28. ekitaldia izango da. Urtarrilaren 14an izango da lehen emanaldia: El instituto T, Lekanosa Teatroarena. Apirilaren 8ra bitarte beste zazpi obra taularatuko dira, Beasaingo Usurbe eta Ordiziako Herri antzokietan. Beasaingo eta Ordiziako udalek elkarlanean antolatu dute, Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin.
Zikloak publiko berria erakarri nahi du. Gazteak, batik bat. Horretarako egitarau «aberatsa» prestatu dutela azpimarratu du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, «kalitate handikoa eta gai ezberdinak jorratuko dituena». Leire Artola Beasaingo alkateak zehaztu du kalitateaz eta hizkuntzaz gain, konpainiaren eskarmentua eta obraren arrakasta izan direla obrak aukeratzerako garaian erabilitako irizpideak. Konpainiek izandako prestutasuna eskertu dute, garai zailak izanik lan egiteko «desiratzen» daudela sentitu baitute. Bi udalek egiten duten kulturaren aldeko apustua azpimarratu dute.
Antzerki Garaia osorik ikusteko abonuak 72 euro balio du. Urtarrilaren 10era arte egongo dira salgai, Ordizian Barrena Jauregian eta antzokian eta Beasainen Usurbeko leihatilan. Sarrera solteek hamabi euro balioko dute, emanaldi bakoitzeko. Ordizian sarrerak aldez aurretik Barrenan eta 943 80 56 30 telefonoan eta egunean bertan antzokiko leihatilan eskuratu ahalko dira; Beasainen, antokiko leihatilan eta plataforma digitaletan. Hamar sarrera baino gehiago behar dituzten taldeek hamar eurotan izango dituzte sarrerak
Obra guztiak 20:30ean hasiko dira. Antolatzaileek garaiz ibiltzeko deia egin dute, behin hasitakoan ez baita aretora sartzerik egongo, atsedenaldira arte.
Artolak eta Ezenarrok ikusleei lasaitasun mezua helarazi die: «Segurtasun neurri guztiak beteko dira eta eremu seguruak izango dira», nabarmendu dute. «Denok dakigu zein ziurgabetasun egoeran bizi garen, izan neurriak aldatzen direlako edo izan positiboak daudelako. Litekeena da dataren bat aldatu behar izatea, oso zaila izaten ari delako agendari aurreikusi bezala eustea, baina programa bere osotasunean egingo da».