Danbor hotsez eta dantza artean agurtu dituzte segurarrek San Joanak
San Joanak amaitu dira Seguran ere eta danbor hots eta dantza artean egitea aukeratu dute, haurren eguna ospatuz.
Segurako San Joanak joan dira beste urte batez. Ekainaren 23an egin zuten Zopa Pertzaren jaitsiera eta lehertu zen festa Seguran. San Joan sua ere betiko moduan dantzaz eta musikaz girotu zen, herritarrak akelarrean murgilduta zeudela. Egitarau anitza izan ondoren, jai egun hauetan dantza saioarekin eta danborradarekin eman diete amaiera festei.
Izarrak Dantzan
Gaur goizeko 12:30etan “Izarrak Dantzan” dantza ikuskizuna izan dute. Haurrak izan dira protagonista ekitaldi honetan eta egungo dantza berritzaileak ikusi ahal izan dituzte herritarrek oholtzan, mugimendu arin eta lirainekin. Behin ikuskizuna amaituta, haurren bazkaria hasi da 14:00ak aldera. Bertan, herriko haurrek elkartzeko aukera izan dute eta harremanak sortzeko jai-giroak eskaintzen duen goxotasunean.
Haurren Danborrada
Arratsaldean, 18:40 aldera haurrek danbor hotsez astindu dute Segura haurren danborradan. Herri sarreran hasi eta plazaraino joan dira, karrozan haur txikienak, pirataz mozorrotuta, eta gainontzekoak danborrak eta barrilak hartuta, zuzendariaren keinuei jarraituz. Banderaduna zaldi gainean joan da desfilean, hau itxiz karrozarekin batera. Horrez gain, Kilkir txaranga izan dute lagun segurar gaztetxoek, danborrada musikatuz. Plazan amaitu da danborrada eta jendetza gerturatu da festei amaiera emateko asmoz.