Errigorako saskia eskatzeko epea zabalik dago azaroaren 10era arte
Hiru saski desberdin daude aukeran, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuekin. Euskalgintzari bideratuko zaio saskien salmentatik lortutako %25a
Errigorako saskia eskatzeko epea zabalik dago azaroaren 10era arte. Hiru saski desberdin daude aukeran, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuekin. Saskiekin lortutako diruaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.
Hala, «2013tik 1.635.000 euro baino gehiago» bideratu dituzte Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera. Aldi berean, diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausuak emateko baliatu dituzte.
Bat egiteko garaia da aurtengo leloa. Lehenik, «zonifikazioa gainditzeko garaia delako». Bigarrenik, «Agerrean bereziki, euskararekin berradiskidetzeko eta euskararentzako aldekotasun berriak biltzeko garaia delako». Hirugarrenik, «Agerreko euskaltzaleak bildu eta aurrerako bidea bateratzeko garaia delako». Eta laugarrenik, «Nafarroarekin bat egiteko garaia dugulako euskal herritarrrok orohar, herri senez, euskarari mugak kentzeko eta elkarrekin aritzeko».
Eskaerak nola egin
Eskaerak, errigora.eus webgunean egin behar dira. Bertan kontsultatu daitezke banaketa puntuak ere.