Olentzero eta Mari Domingi zein dendatan dauden asmatzen dutenen artean, 900 euro zozkatuko ditu.
Ostegun Gorria eta kortxoen porra amaitu berritan, Ilinti merkatari elkarteak kanpaina berri bat jarri du martxan gaur bertan, Olentzero eta Mari Domingi aitzaki hartuta. Oraingoan 900 euroko saria jarri dute jokoan.
Kanpaina berri honek Non daude Olentzero eta Mari Domingi? du izenburua, eta lau galdera eta herriko lau komertzio dira ardatza. Ilintiko edozein dendatan erosketak egiten dituztenen artean banatuko dituzte galdera horiek, eta asmatzen dituztenen artean 900 euroko erosketa txartela zozkatuko dute.
Kortxoen porra
Oraingo saria handia, baina azken kanpainetan ere sari garrantzitsuak banatu ditu Ilintik. Kortxoen porrarekin, adibidez, 500 euro irabazi zituen Joaquin Galvan Alustizak duela aste bete. Lehiaketa harekin, Nuñez mertzerian eta Cristina arropa dendan erakusleihoetan jarritako kortxo kopurua asmatu behar zuten bezeroek. Bi dendetakoak batuta, 1.276 kortxo zeuden, eta Galvanek 1.375rekin egin zuen apustua.
Black Friday-ri aurre egiteko martxan jarritako Ostegun Gorria kanpainan, bestalde, 800 euro banatu zituen sare sozialetara dendariekin ateratako argazkiak igo zituzten zortzi bezeroen artean.