CIE Legazpiko langileek bertan behera utzi dute gaur hastekoa zuten greba mugagabea
Aurre akordio batera iritsi ziren atzo arratsaldean enpresako ordezkariekin. Gaur eta bihar batzarrak egingo ditu enpresa batzordeak langileekin, aurre akordio hori bozkatzeko.
CIE Legazpi lantegiko langileek bertan behera utzi dute gaur hastekoa zuten greba mugagabea, atzo arratsaldean enpresako ordezkariekin aurre akordio batera iritsi eta gero. Gaur eta bihar batzarrak egingo ditu enpresa batzordeak langileekin, aurre akordio hori bozkatzeko.
ELA sindikatuko zortzi kidek eta LABeko batek osatzen dute enpresa batzordea. Greba deialdiaren arrazoia soldatetan hobekuntzak lortzea zen. Honako eskaerak egin zituzten aurre akordiora iristeko gauzatutako negoziaketan: KPIaren gaineko soldata igoera, hobekuntzak bajen soldata osagarrietan eta lizentzietan, eta hobekuntzak baita laugarren eta bosgarren txandetarako eta lanaldi zatituko langileentzako ere.
Legazpiko CIEk 205 langile ditu. Lantegian burdin lanak egiten dituzte autogintzaren sektorerako.