Goierrin, azken txanpa
Goierriko Korrikako koordinatzaileak buru belarri ari dira herrietako eragileekin batera aurtengo edizioa antolatzen. Azken aurreko egunean iritsiko da lekukoa eskualdera, eta egun horretarako dena prest eduki behar da.
Hamaika eguneko bidaia du aurretik Korrikako lekukoak. Hamargarrenean iritsiko da Goierrira, azken aurreko egunean. Udanan behera, karabana 05:45ean iritsiko da Legazpira eta 12:42an joango da Legorretatik Tolosaldeara. Martxoaren 23a izango da, larunbata. AEKren euskararen aldeko ekimenak eskualdeko herri gehienak zeharkatuko ditu: Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Ezkio, Itsaso, Gabiria, Mutiloa, Zerain, Segura, Idiazabal, Olaberria, Lazkao, Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta. Handik, Baionara egingo du, 2.791 kilometroko ibilbideari amaiera emateko.
Aitor Aguado eta Ane Arrizabalaga dabiltza koordinazio lanetan. «Gogotsu» daudela esan dute, baina «gogorra» ere badela ez dute ezkutatu: «Hasteko eta bukatzeko desiratzen nago», aitortu du Agirrezabalagak. «Tsunami baten modukoa da: Hilabete gutxitan kontzentratutako lan handia da», gaineratu du. Aguado Goierri beheko herrietako arduraduna da eta Arrizabalaga, Goierri garaikoena.
Herrika antolatzen diren batzordeen laguntza izaten dute. «Lekukoa eramango duten eragileak topatzea erraza da. Batzordeak eratzea da zailagoa», egin du alderaketa Aguadok, baina jasotako erantzunarekin «pozik» daude. Herri guztietan eratu dira komisioak. Baita Urretxu-Zumarragan ere. Lehen aldia da han halakorik antolatzen denik. Halere, oro ez da urre eta Aguadok gazteak interpelatu ditu: «Herrietako batzordeetan betiko jendea dabil eta erreleboa eskatzen ari dira. Gazteak behar ditugu batzordeetan. Aurpegi berria eskertuko liratezke».
160 kilometro
Arrizabalagak azpimarratu du Korrika hasi bezperan sentsazioa «oso ona» dela: «Ibilbideari dagokionez, topera dago. Ez da orratz bat ere kabitzen. Jende asko-askok hartu du parte». Goierri behean ere kilometro erosle «pila bat» agertu direla direla konatatu du Aguadok. «Aurten duela bi urte baino hotzago hasi zen salmenta. Korrika lehenago ere bada, Gabonetatik eta Inauterietatik gertuago. Baina otsaila bukaeran eta martxoa hasieran abiada hartu eta kilometroak baino eragile gehiago agertu dira».
«Ibilbidea topera dago. Ez da orratz bat ere kabitzen. Jende askok hartu du parte»
Ane Arrizabalaga. Goierri garaiko koordinatzailea
Denei tokia egiteko, erreleboak egokitu egin behar izaten dituzte. Goierrin, denera, 160 bat kilometro egingo ditu Korrikak. Denen gustura egitea ezinezkoa denez, pazientzia eta ulermena eskatu dute.
Kilometroen salmeta AEK-ko Euskaltegietan diru iturri garrantzitsuenetariko bat da. Baina laguntzeko beste bide batzuk ere badaudela gogorarazi dute bi koordinatzaileek. Korrika Laguntzaile bilakatzea eta materiala erostea. Online zein Beasaingo Herri Dendan eros daitezke petoak, elastikoak, motxilak, banderak…. «Salmenta oso ondo joan da eta ia material dena agortu zaigu», aipatu du Aguadok.
«Lekukoa eramango dutenak topatzea erraza da. Batzordeak eratzea da zailagoa»
Aitor Aguado. Goierri beheko koordinatzailea
Arrizabalagak ez du baztertu etorkizunean Goierri garaian beste denda fisiko bat zabaltzea. AEK-k Ezkion, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan egoitzarik ez duenez, Korrikarik ez dagoen urteetan lanketari jarraipena ematea zailagoa dela arrazoitu du; dena dela, aurten berak hartu du eremu honetako ardura, azkoitiarra izan arren. Jarraipena eman nahiko lioke, Korrika pasatakoan giroa ez dadin itzali.
Aguadorentzat bigarren aldia da Korrikako koordinatzaile lanetan. 22. edizioan zein 23.nean, ingurukoak «gogo handiarekin» nabaritu ditu. «Polita da ikustea urtez urte ilusio bera edo handiagoa pizten duela». Korrikaren aitzakian, bestelako hainbat ekintza antolatu dira herri gehienetan.
Arrizabalagak eta Aguadok ezingo dute korrikarik egin. Furgonetaren aurretik bidea zabalduz joaten den autoan joango dira, txandaka, kopilotu, Korrikaren ibilbidea erakutsiz. Are, Arrizabalagak bi bider egingo du lan: martxoaren 20an, goizeko ordu txikietan, Aizarnazabaldik (Gipuzkoa) barrena iritsiko da lekukoa bere eskumenetako eremura; Bizkaian aurrera eta atzera ibili ostean, berriz itzuliko da Gipuzkoara. Debagiena zeharkatu ostean iritsiko da Goierrira. Korrikaren iritsiera ikusteak sortzen dituen emozioak bi aldiz gozatzeko aukera izango du