Aralarko larreen irekiera izango da bihar, Larraitzen
Zamaoko atsedenlekuan izango da, ohi bezala, Enirio-Aralarko larreak irekitzeko festa. Langa 12:00etan zabalduko dute.
Enirio Aralarko Mankomunitateak Aralarko larreen irekiera festa egingo du bihar, ohi bezala maiatzaren lehenean, Larraitzen. Jende ugari gerturatzen da Larraitzera festa giroa ikusteko, produktuak erosteko edo abereak larratzen ikusteko. 10:00etan hasiko da festa. Abere erakusketa (behor, behi eta ahariak), eskulangintza saioak (artile, saski, harri lantzea…) eta bertako jakien salmenta (gazta, sagardoa, eztia, orein produktuak…) izango dira goizean zehar jarriko duten azokan. 11:00etan Txingudiko Gaiteroek alaituko dute giroa, eta 12:00etan izango da larreen irekiera ekitaldia.
Suziria botatzearekin batera, artalde eta behiak Larraizko langatik gora abiatuko dira abeltzainekin. Irekieraren ondoren, abereak larreetan utzita, aizkolariak eta bertsolariak izango dira. Iker Vicente eta Julen Alberdi ariko dira. Larunbatean jokatutako apustuaren (Vicentek irabazi zuen) ondorengo lehen erakustaldia izango da. Bertsotan, berriz, Maialen Akizu eta Bixente Gorostidi ariko dira.
Ganadu kopurua
Aurtengo kanpainan 1.060 behi, 1.000 behor inguru eta 16.500 ardi igoko dituzte abeltzain eta artzainek Enirio-Aralar Mankomunitateko larreetara.