Euskal Herriko Artisau garagardoen topaketa egingo dute Ordizian
Ordiziako Plaza Nagusia artisau garagardoen topagune bilakatuko da larunbatean, maiatzaren 4an, Emaneurreren ekimenez. Goiz eta arratsaldez Euskal Herriko 22 artisau garagardo dastatzeko aukera izango da.
Beste behin ere, Emaneurreren ekimenez, Ordiziako Plaza Nagusia artisau garagardoen topagune bilakatuko da larunbatean, maiatzaren 4an. Goiz (11:00-14:30) eta arratsaldez (17:00-00:00) Euskal Herriko 22 artisau garagardo dastatzeko aukera izango da.
Garagardoa iturritik, edo etxera eramateko botila eta latatan eskuratzeko aukera izango da. Edalontziak eta kopak aukeran izango dituzte garagardozaleek plazan bertan.
Lehiaketa ere izango da goizean, Euskal Herriko garagardo onena aukeratzeko; 14:00etan izango da sari banaketa. Emaneurre taldeak ekoitzi duen Emaneurre garagardoarekin batera, beste 21 izango dira aukeran: Basabe (Legorreta), Munbo Jumbo (Bolbo), Refu (Vielha, Herrialde Katalanak), Baoober (Elgea), Ixo (Senpere), Atala (Burlata), Hondarribeer, La Viajera (Donostia), Sesma, Kondaira (Mendabia), Higer (Hondarribia), El Holandes Errante (Erriberri), Brew&Roll (Baternain), Mitika (Aizoain), Gerrigardo (Eskoriatza), Baias (Oiardo), Garagart (Gasteiz), Meta (Donostia), Blas Tito (Gorliz), Zampano (Aizarnazabal) eta Brewewry Land (Zumaia). Iazko txapelduna Ixo lapurtarra da.
Lehiaketako irizpideen arabera, «garagardo ekoizle bakoitzak garagardo bat aurkeztuko du txapelketara, nahi duen kolore eta estilokoa. Txapelketa ez da estiloka sailkatuko».
Kroketak, taloak eta txerria
Jatekoa ere prestatuko: batetik, Kroketxea etxeko kroketak, Lazkaoko talogileen taloak eta bestetik, Euskal Labeldun txerria burduntzian erreta. «Goizean goizetik sutan izango da eta arratsalde-iluntzerako prest izango da dastatzeko. Pintxoka salduko da».
Musikak ere izango du tokia Loak taldeen (19:45) eta Howday (21:30) zuzeneko doinuekin. Umeentzako, berriz, eskulan tailerra izango da Marta Artekin (11:15).
Gauarekin amaitzeko, azken tragoaren aurretik (23:45), garagardo zozketa egingo dute 23:30ean.
Dastaketa aurreko egunean
Bezperarako, maiatzak 3, 19:30ean, beste hitzordu bat ere antolatu dute Emaneurrekoek: garagardo dastaketa-kata, Ordizia Hotelean. Zumaiako Brewery Land garagardoak ezagutzeko aukera izango da, Aitaren, Gorri, Eguzki, Gor beltz eta Ipurb beltz motak, pintxoen laguntzarekin. Izena eman behar da aurrez emaneurretaldea@gmail. com emailean.