Oiangurentxikiko basoaren kudeaketa aukerez aritu dira ibilaldi batean
Landarlan Ingurumen Elkarteak 'Bestelako basogintza eredu bat' izeneko irteera antolatu du Ordiziako Oiangurentxiki basora. Tantai Baso Jabe Kooperatibako Markel Arriolabengoak eman ditu argibideak.
Azaroaren 7an Bestelako basogintza eredu bat lemapean antolatutako hitzaldiari jarraipena emanez, Landarlan Ingurumen Elkarteak irteera antolatu du Ordiziako Oiangurentxiki basora. Hamar lagunek egin dute txangoa Altamira auzotik abiatuta. Bidez igo dira Oiangurentxikira, eta han Tantai Baso Jabe Kooperatibako Markel Arriolabengoaren azalpenak entzun dituzte.
1973an industrializazioak sortutako desabantailei aurre egiteko, eta Ordiziako biztanleentzat aisialdirako gune bat sortu asmoz, Ordiziako Udalak Oiangurenandi baserria eta bere lurrak erosi zituen (33,28 Ha). Udalbatzaren aktaren arabera, erosketa horren helburua aisiarako eskola eremuak eta parkea sortzea izan ziren. Eta 1975ean Udalak Oiangu-Txiki baserria erosi zuen, nekazal eta abeltzain eremua izaten jarrai zezean.
1990. urtean, Oianguren baserrian Ingurumen Hezkuntzako Eskola bat sortzeko proiektua garatu zuen. Baserria izango zen erdigunea, baina ingurua guztia hartu zuen kontutan natur ekintzak egiteko. Oiangurentxiki basoa aurrez erosita zuen udalak, pinudi bat zen (pinus radiata edo intsignis), eta dena arrasean moztu, eta landaketak egin zituzten.
Baso hori hainbat espezieren landaketaz osatuta dago. Bere egunean landatu zituzten urkia, bertako haritza, haritz amerikarra, pagoa eta douglas izeia. Gaur egun, baso horretan hainbat bidezidor eta pista daude. Horietako bat mendi bizikletarekin ibiltzeko erabiltzen da.
Oiangutxiki basoaren kudeaketarako ideiak
Basoak aurkitutako espezieei buruzko azalpenak emateaz gain, Arriolabengoak baso kudeaketa berriei buruzko hainbat argibide eman ditu. Oiangutxikiko basoa baso antropikoa da, gizakiak eraldatutako basoa, eta haren esanetan, “basoen kudeaketaren demonizazioa burutik kendu” beharreko ideia bat da. “Kontserbazioa ustiaketarekin ondo uztartu daitekeen baso bat izan daiteke hau” nabarmendu du.
Arriolabengoak esan du hainbat bakanketa egingo lituzkeela, eta hirigunetik gertu dagoenez eta aisialdiariko erabiltzen den baso bat denez, estetikari ere garrantzia emango liokeela. Era berean, oinezkoek eta bizikletazaleek basoan egiten dute erabilera erregularizatu egin beharko litzatekeela uste du.
Haren ondoren, Oianguren parkera eta baserri aldera jo dute, eta Altamirako putzua ezagutu auzora jaitsita amaitu dute ibilbidea.