Omenaldiak eta ongi etorriak
Preso eta errefuxiatu politikoak etxera itzultzen diren garaian, egiten zaizkien omenaldi eta ongi etorrien inguruko gogoeta egin du Jexux Arrizabalagak.
Etxeratutako errefuxiatu baten heriotzak gogoetarako bide eman dit eta esanahi dudana adierazten saiatuko naiz.
Omenaldi ugari bizi izan ditugu eta oraindik gehiago ere biziko ditugu. Izan ere, ez dira amaitu su-etenaren ondorioak. Dena dela, adierazi nahi dudana adierazteko ez da beharrezkoa dugun testuinguruaren aldaketarik.
Errefuxiatua bere herritik ihesi joan den pertsonari esan ohi diogu. Hemen ez naiz sartuko egungo egoera honetan hirugarren mundutik, bizitza hobe baten bila datorrenarekin, nahiz eta jakin gai hori eguneroko ogia eta larria dugula, eta hausnartzen eta konponbideak bilatzen segitu behar dugula.
Hemen aipatu nahi dut arrazoi politikoengatik ihesi joan behar izan duen euskal errefuxiatua. Aitortu behar da horietako askok eta askok egoera gogorrak jasan behar izan dituela bizimodu berrira egokitzeko eta bat baino gehiago galdu dela ahalegin horretan. Hala eta guztiz ere, ihesi joan diren gehienek jakin dute bizimodua ateratzen.
Baina, maiz, ahazten zaigu pertsona hori berekin hartu duen herriari eskerrak ematea. Alegia, atzerria den herri horrek merezi duela hor zehar ibili denaren partetik eskerrak jasotzea, sarritan ahazten zaigun arren.
Bestalde, omenaldi horietan arestian aipatutakoa ahaztu ezezik hurbilagoko beste zerbait ere ahazten zaigu. Josetxo Arizkorreta errefuxiatua zendu berri da Zaldibiako herrian- beste izen bat eta beste herri bat ere jar genezake- eta omenaldia egin berri diote.
Euskal Herriara, Zaldibiara duela zortzi urte etorri zen, Venezuelan urte asko igaro ondoren, oso gaixo. Hemen egin ditu bere azken urte hauek. Herritik aldegin zuela berrogei urte baino gehiago dira. Beretzat Zaldibia txikitan bizi izan zuen herria zen eta normala den bezala, bere burua eta gogoa Venezuelara begira zeuden.
Familiak beregain hartu zuen zaintza eta maitasun handiz eta ahalegin handiz modu txukun batean bete du zaintza hori, maiz, asko kostata eta gorabehera, adostasunak eta desadostasunak barne. Kontua da zendu den arte familia izan dela bere sostengu nagusia. Hauxe da, hain zuzen, azpimarratu nahi dudana.
Hori horrela, omenaldiak izaten ditugunean gertakari hau kontuan hartu behar dugu, baldin eta jendarte edo komunitate sano bat eraiki nahi badugu. Hau da, familia horri errekonozimendua edo esker ona zor zaio. Kasu honetan bere arreba eta ilobak dira eskertu behar genituzkeenak.
Eskerrik asko! Zure eta zure seme-alabengandik asko ikasi baitugu.