1936ko tiro hotsen oihartzuna
Legazpi 1936ko irailaren 19an okupatu zuten Francoren aldeko tropa nazionalek. Ordurako, 2.400 biztanleko herri txikian 300ndik gora bizilagun falta ziren, garai beltz eta luze baten hasieraren iragarle gisa. Iñaki Iurrebaso soziologo legazpiarrak liburu baten forma eman die kontakizun horiei. Legazpi 1936 izenburupean aurkeztuko du gaur 19:00etan kultur etxean. 36ko gerrarekin lotutako Legazpiko kontakizunen, gertaeren eta dokumentuen narrazio idatzia. Lan honetan beste hainbat herritarrek laguntza izan du Iurrebasok. Gerra aurreko Legazpi «herri txikia» zen, 2.400 biztanlekoa. Oraindik ere gizarte tradizionalaren ezaugarri asko zituen. «Baserriak pisu handia zuen, industria, Patriziorena batez ere, haziz bazihoan ere», dio Iurrebasok. Fabriketarako immigrazioa hasia zen jada, Hego Euskal herritik gehienbat. Herri «euskalduna eta oso abertzalea» zen –1933ko huteskundeetan 3 herritarretik 2k EAJri eman zion botua–. 36ko gerra uztailaren 18an lehertu zen, Francoren tropak altxatu zirenean. Euskal Herrian Mola jeneralak gidatu zuen altxamendua Nafarroan. Legazpira gerra hasi eta bi hilabetetara heldu zen. Denbora horretan errepublikarren esku egon zen herria. «Erantzuna bat-batekoa izan zen, sindikatuek eta ezkerreko alderdiek greba orokorra deitu zuten, eta Legazpin erantzun zabala izan zuen» azaldu du Iurrebasok. Gerra piztu eta bi egunera «oinarrizko defentsa bat» ere sortuta zuten herrian; inguruko mendietan lubakiak egiten hasiak ziren. Udalak herritarrei arma guztiak entregatzeko exijitu zien, ibilgailuak jaso [...]
Legazpi 1936ko irailaren 19an okupatu zuten Francoren aldeko tropa nazionalek. Ordurako, 2.400 biztanleko herri txikian 300ndik gora bizilagun falta ziren, garai beltz eta luze baten hasieraren iragarle gisa.
Iñaki Iurrebaso soziologo legazpiarrak liburu baten forma eman die kontakizun horiei. Legazpi 1936 izenburupean aurkeztuko du gaur 19:00etan kultur etxean. 36ko gerrarekin lotutako Legazpiko kontakizunen, gertaeren eta dokumentuen narrazio idatzia. Lan honetan beste hainbat herritarrek laguntza izan du Iurrebasok.
Gerra aurreko Legazpi «herri txikia» zen, 2.400 biztanlekoa. Oraindik ere gizarte tradizionalaren ezaugarri asko zituen. «Baserriak pisu handia zuen, industria, Patriziorena batez ere, haziz bazihoan ere», dio Iurrebasok. Fabriketarako immigrazioa hasia zen jada, Hego Euskal herritik gehienbat. Herri «euskalduna eta oso abertzalea» zen –1933ko huteskundeetan 3 herritarretik 2k EAJri eman zion botua–. 36ko gerra uztailaren 18an lehertu zen, Francoren tropak altxatu zirenean. Euskal Herrian Mola jeneralak gidatu zuen altxamendua Nafarroan. Legazpira gerra hasi eta bi hilabetetara heldu zen. Denbora horretan errepublikarren esku egon zen herria. «Erantzuna bat-batekoa izan zen, sindikatuek eta ezkerreko alderdiek greba orokorra deitu zuten, eta Legazpin erantzun zabala izan zuen» azaldu du Iurrebasok. Gerra piztu eta bi egunera «oinarrizko defentsa bat» ere sortuta zuten herrian; inguruko mendietan lubakiak egiten hasiak ziren. Udalak herritarrei arma guztiak entregatzeko exijitu zien, ibilgailuak jaso zituen eta 35 urtetik beherako gizonen zerrenda bat osatu zuten. Nazionalen alde egin zezaketen batzuk ere atxilotu zituzten.
Frontea Legazpin
Altxamendua eman zenean, Nafarroa azkar erori zen nazionalen eskuetan. Gipuzkoara erasoa jo eta Zegamara 6 egunetan iritsi ziren. Frontea hor mantendu zen, zati batean Legazpirekin mugan. «Bi hilabete horietan faxistak herriaren ateetan zeuden. Errefuxiatu mordo bat iristen hasi zen okupatutako herrietatik. Bi aldeek Irun eta Donostia zituzten buruan, eta gune estrategiko horien bila, bi hilabetez Legazpiko frontea geldirik egon zen, tiroketa eta atxiloketa bat edo besterekin». Defentsak zutik zirauen, baina errepublikarren baliabideak ezin ziren nazionalenekin alderatu. «Okupazioa ematean, herritarrak harrituta gelditu ziren nazionalen uniforme eta armekin», dio soziologo legazpiarrak.
Donostia eta Irun hartuta, faxistak Bilborantz abiatu ziren. «Erasoaldia bat-batean iritsi zen Gipuzkoako fronte lerro osoan. Legazpin irailaren 18an hasi ziren borrokak, eta hurrengo egunean konkistatu zuten herri gunea. 18an eman zen lehen hildakoa Legazpin, Atagoiti inguruan».
Tiroketa gogorrenak inguru horretan izan ziren, 18 eta 19 goizaldean eta egun osoan zehar. Aztiri eta Ormakio bitarteko mendietan egon zen fronte lerroa. Herri gunea 10:00etarako konkistatu zuten, Arrasatetik behera erresistentziarik topatu ez zuten erreketeek. Etxe Alai inguruan tiroketa bat egon zen, nazionalek bertan milizianoak zeudela uste baitzuten, baina bizilagunek izara zuriak ateratzean faxistek tiro egiteari utzi zioten.
Bi talde nazionalek jo zuten Legazpirantz. Batetik, Gabiria, Aztiria eta Arrasetatik iritsi ziren; bigarren talde bat Seguratik etorri zen, Aztiri igarota bitan banatu, eta talde batek Brinkola-Telleriartera eta beste batek Ormakio aldera jotzeko. Brinkola eta Telleriarte hartzea gehiago kostatu omen zitzaien faxistei, baina 19:00ak alderako bereganatu zuten auzoa. Nazionalak etortzerako, milizianoak Korosti, Udana eta Urtatza aldera joanda zeuden.
Hortik aurrera milizianoek ekintzaren bat edo beste egin zuten Legazpin. Okupatu eta hurrengo egunean, milizianoz betetako kamioi bat herrirantz abiatu zen, Oñati aldetik. Erreketeak azaldu, ordea, eta ihesean joan behar izan zuten. Horietako hiru atxilotu eta fusilatu egin zituzten, tartean legazpiar bat. Patrizioren lantokia elikatzen zuen Bengoleako turbina elektrikoa ere saboteatu nahi izan zuten gudariek, baina asmoak huts egin zuen.
Legazpi hartu ondoren, gerrak beste 9 hilabetez jarraitu zuen Euskal Herrian, Bizkaia erori arte. Gerra amaituta, hamar legazpiarretatik bat preso edo lan batailoietan zegoen, ihesean ez bazen. 300 bizilagun falta ziren.
«Hura gertatu egin zen, eta ez da ahaztu behar. Eta ez hori bakarrik; kontatu egin behar da, berriro gerta ez dadin», azaldu du Ramiro Pinillak Antologia Poetica Vascan. Galtzaileen historia ahaztu egin nahi izan bada ere, liburu honek 1936ko tiro hotsen oihartzuna dakar Legazpira, historia ofizialari aurre egin zioten pertsonen oroimena berreskuratuz eta 75 urte berandu bada ere, gordetako minei, hegoak zabalduz eta joaten utziz.
Iñaki Iurrebaso Soziologoa
«Liburu honek ezkutuan eraman den min hori arintzen lagun dezake»
Iñaki Iurrebaso (Legazpi, 1967) soziologoa da. Legazpi 1936 liburuari forma eman dio, legazpiar lan talde baten 3 urteko ikerketa lanak 300 orrialdetara laburtuz.
Zerbaitek uste baino gehiago harritu al zaitu?
Gerra Legazpin oso gogorra izan zela banekien, baina ez nuen hainbesterako izatea espero. Proportzio horiek egungo biztanle kopurura ekarrita ikaragarriak dira. Drama kolektibo izugarria izan zen. Gerra aurreko Legazpi dinamiko eta ameslari hori, belaunaldi ezkertiarrak eta abertzaleak, guztia bukatu zen. Lankideak hilda, proiektu kideak hilda, gorria zarelako luze ordaindu behar, lana aurkitzeko zailtasunak, gosea… garai gogorrak eta oso zailak izan ziren.
Nolatan hasi zinen lan hau egiten?
Udalak Euskal Memoria fundazioari eskatu zion lan hau egiteko, eta fundazioak niri proposatu zidan. Hala ere, legazpiar talde bat 3 urte inguruz dokumentazioa biltzen eta gerran hildako senideak dituzten herritarrekin elkarrizketak egiten aritu da. Ni etortzerako informazio asko zegoen, eta gehienbat, antolatu eta forma eman diot.
Zaila al da 36ko gerra ikertzea?
Baditu zailtasunak. Urte asko pasa dira. Badira euren senitartekoa gerran hil zela ez zekitenak, baina baita mina oraindik ere oso barruan dutenak. Askok ezin izan zieten euren hildako senitartekoei, semeari edota anaiari negarrik egin, eta jende askok min hori barruan du.
Lan honek pisu hori arintzen lagundu al dezake?
Nik uste lagun dezakeela. Hori nahiko genuke. Ezkutuan eraman da, eta sufrimendu hori agerian jarri behar da. Gerra galdu zutenen ohorea eta izen ona ere argi utzi nahi ditugu. Ez ziren gaizkileak. Gaiari buruz pixkat gehiago hitz egiten ere lagundu dezake agian.
Nolako esperientzia izan da lan hau egitea?
Oso gustura aritu naiz, baina gogorra ere izan da. Gure aiton-amonek pasatakoak… eta beldurra ere. Izugarria izan behar zen pasa behar izan zuten beldurra, une ikaragarriak bizi behar izan zituzten. Bestela, Legazpira hurbiltzeko aukera bat izan da niretzako. Taldean egin dugu lan, eta pozik aritu naiz, egia esan.