Lazkao Txiki gogoratzeko ekitaldia egingo dute etzi, hil zela 18 urte beteko diren egunean
Igandean, apirilak 3, beteko dira 18 urte Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria hil zela. Orduz geroztik urteroko legez, Goierriko Euskal Eskola kultur elkarteak omenaldi ekitaldia antolatu du etziko. Ohi bezala bertsolariaren izena duen Zelaian ...
Igandean, apirilak 3, beteko dira 18 urte Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria hil zela. Orduz geroztik urteroko legez, Goierriko Euskal Eskola kultur elkarteak omenaldi ekitaldia antolatu du etziko. Ohi bezala bertsolariaren izena duen Zelaian ospatuko da musika, dantza eta bertso bilkura. Ez da Lazkao Txiki gogoratzeko saio bakarra, ordea.
Gaur, adibidez, Lazkaomendiko Lartxai elkartean bertso-afaria izango da, Amaia Agirre eta Julio Soto bertsolariekin. Astean zehar, bestetik, Lazkaotxiki Musika Eskolak kultur astea garatu du, egunero entzunaldi banatan ikasleek musika-tresnak jotzeko. Gaur 18:00etan da azkeneko saioa, kultur etxeko aretoan.
Hilurrenaren datan berean
Lazkao Txikiren heriotzaren 18. urteurrena egunarekin berarekin bat dator aurten. 1993ko apirilaren 3an zendu zen bertsolari ospetsua, Donostiako Ospitalean. Biharamunean egin zuten hileta Lazkaoko San Migel parrokian, jendetzaren artean.
Lazkaoren pertsonaia ezagunenetakoa omentzeko urtero hartu izan du orduz geroztik ardura Goierriko Euskal Eskolak, herriko elkarte eta erakunde gehiagorekin batera. Igandean, Lazkao Txikiren Zelaiko eskulturaren inguruan 12:30ean hasita, Oin Arin dantza taldeak, Goierriko Bertso Eskolak, Lazkaotxiki Musika Eskolak eta Lazkaoko Udalak parte hartuko dute omenaldian. Salda banatuko dute bitartean.