Idiazabal gazta eta Biasteriko ardoa oinarri hartuta hainbat ekitaldi egingo dituzte asteburuan Idiazabalen
Idiazabal eta Biasteri (Arabar Errioxa) herriak ardatz hartuta, gaztaren eta ardoaren bueltan hainbat ekitaldi egingo dituzte asteburu honetan Idiazabalen. Bertan izango da Biasteriko ordezkaritza zabala ere. Asteburuan egingo dituzten jarduera horiek duela bi urte Goierri eskualdean hasitako bidearen jarraipena dira. Ordizian ospatutako jardunaldi gastronomikoen ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko, Asturiaseko eta Kataluniako hainbat ordezkarirekin bilera egin zuten Idiazabalen, turismo destinoak eta produktu gastronomikoak lotzeko helburuarekin. Patxi Plazaola Goiturreko presidentearen hitzetan, «horren ondorioz etorri da Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak produktu turistikoak sendotzeko asmoarekin diseinatu duen gastronomia plana, eta bertan Goierriko turismoak leku garrantzitsua hartzen du». Elkarlana helburu Gastronomia plan horretan jakiak, museo gastronomikoak, merkatuak, azokak, jatetxeak eta interes berezia duten leku gastronomikoak aipatzen dira. Goierrin ere badaude eta Plazaolaren arabera, «horiek plazaratzeko kanpora atera behar da, baina gertukoekin hasi behar dugu. Ezin gara New Yorkera joan, gertukoek ezagutzen ez bagaituzte». Zentzu horretan herrietan ekintza desberdinak antolatzen ari direla esan zuen, «kasu honetan ardoa eta gazta uztartzeko asmoz. Eta horixe da Goiturrek bultzatu nahi duena, elkar-ezagutza eta elkarlana». Herritik sortzen diren horrelako ekimenak beraz, babestu egingo dituztela zioen, «baina kontutan hartu behar da ez dela Idiazabal mailako ekitaldia bakarrik, Idiabazabal bailara baten barruan baitago, Goierrin». Biasterira bisita Idiazabalen egindako bileraren eta sortutako harremanen [...]
Idiazabal eta Biasteri (Arabar Errioxa) herriak ardatz hartuta, gaztaren eta ardoaren bueltan hainbat ekitaldi egingo dituzte asteburu honetan Idiazabalen. Bertan izango da Biasteriko ordezkaritza zabala ere.
Asteburuan egingo dituzten jarduera horiek duela bi urte Goierri eskualdean hasitako bidearen jarraipena dira. Ordizian ospatutako jardunaldi gastronomikoen ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko, Asturiaseko eta Kataluniako hainbat ordezkarirekin bilera egin zuten Idiazabalen, turismo destinoak eta produktu gastronomikoak lotzeko helburuarekin. Patxi Plazaola Goiturreko presidentearen hitzetan, «horren ondorioz etorri da Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak produktu turistikoak sendotzeko asmoarekin diseinatu duen gastronomia plana, eta bertan Goierriko turismoak leku garrantzitsua hartzen du».
Elkarlana helburu
Gastronomia plan horretan jakiak, museo gastronomikoak, merkatuak, azokak, jatetxeak eta interes berezia duten leku gastronomikoak aipatzen dira. Goierrin ere badaude eta Plazaolaren arabera, «horiek plazaratzeko kanpora atera behar da, baina gertukoekin hasi behar dugu. Ezin gara New Yorkera joan, gertukoek ezagutzen ez bagaituzte». Zentzu horretan herrietan ekintza desberdinak antolatzen ari direla esan zuen, «kasu honetan ardoa eta gazta uztartzeko asmoz. Eta horixe da Goiturrek bultzatu nahi duena, elkar-ezagutza eta elkarlana». Herritik sortzen diren horrelako ekimenak beraz, babestu egingo dituztela zioen, «baina kontutan hartu behar da ez dela Idiazabal mailako ekitaldia bakarrik, Idiabazabal bailara baten barruan baitago, Goierrin».
Biasterira bisita
Idiazabalen egindako bileraren eta sortutako harremanen ondorioz, joan den urtean Biasterin izan ziren idiazabaldarrak. Besteak beste, herri kirol taldeko kideak, Herri Ekimeneko talogileak, gaztagileak, Julki gozotegiaren jabea eta Idiazabalgo Udaleko kideak joan ziren hara. Aste barruan antolatutako ekitaldietan Iban Mate eta Iker Markinez sukaldariak ere gonbidatu zituzten. Ioritz Imaz Idiazabalgo alkatearen hitzetan, «ez ginen Idiazabal eta Idiazabalgo gazta oinarri hartuta bakarrik joan hara. Eskualde mailako beste produktu batzuk ere zabaldu nahi izan genituen, Plazaolak dioen moduan, Idiazabal bailara baten barruan baitago eta bere osotasunean zabaldu behar baitugu».
Asteburuan Biasteriko ordezkaritza bertan dela, hainbat ekitaldi egingo dituzte Idiazabalen.
Hona astebururako prestatu duten egitaraua:
Larunbata
-20:00. Biasteriko ardoen eta Arabar Errioxako olioen dastaketa,udaletxeko areto nagusian.
Igandea
Eguerdi partean:
-Tabernetan: Biasteriko ardoa edateko aukera izango da, taberna bakoitzean upategi bateko ardoa.
-Plazan: patatak errioxar erara dastatzeko aukera, doan; tabernetan dastatutako ardoa gustatuz gero, erosteko aukera izango da plazan. Arabar Errioxako olioa eta Idiazabal gazta ere erosi ahalko dira postuetan; Biasteriri, Arabar Errioxari eta Ardoaren Ibilbideari buruzko informazio postuak jarriko dituzte, eta Biasteriko dantzariek ekitaldia egingo dute.
-Kalean zehar: Biasteriko musikariak ibiliko dira giroa alaitzen.