Turismo mahaiko kideak, Igartza jauregia ikusten
Datozen lau urteetan Goierriko turismoari dagokion lehiakortasun plana aurkeztu dute Beasainen. Igartza jauregian elkartu dira Goierri beheko 18 herrietako ordezkariak, Goiturreko teknikariak, Pilar Zorrilla Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordea eta Roke Akizu Foru Aldundiko Turismo zuzendaria.
Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak jakitera eman duenez, “lau oinarri estrategiko izango ditu 2015era arteko lehiakortasun planak”. Produktu turistikoa sortzea izango da lehena eta garrantzitsuena, “zerbait saldu aurretik antolatu, dinamizatu eta produzitu egin behar delako”.
Sortutako hori dinamizatzerakoan, mahai politeknikoak garrantzia berezia izango duela esan du Osinaldek: “Politikoek eta teknikoek elkarlanean lan eginda, denon arteko dinamizazioarekin sortuko da produktu turistikoa”. Goierri beheko 18 herriak eta sektore pribatua egongo dira ordezkatuta mahai politekniko horretan.
Lanaren eraginkortasuna areagotzeko, formazioa eta berrikuntza beharrezkoak direla azpimarratu du Goierriko turismo zuzendariak, eta hori izango da lehiakortasun planeko hirugarren oinarria. Laugarrena eta azkena, promozioa eta komertzializazioa izango dira.
Zorrillak eta Akizuk, Goierrin turismoaren alorrean egiten den lana goraipatu dute, eta orain arte bezala jarraitzeko esan die udaletako ordezkariei.