Bihar goizean egingo dute artearen historiari buruzko hirugarren saioa, Zumarragan
Artearen historiara sarrera zikloaren barruko hirugarren saioa bihar, urriak 27, egingo dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, 10:15etatik 12:30era bitartean. Saioa gazteleraz izango da. Bertara joan nahi duenak, ez du izenik eman beharrik izango, gela bete artean lekua izango baita. Ziklo hori Gueskek (Esperientzia Eskolako Ikasle Ohien Giza-Kultur elkartea) antolatu du, Zumalakarregi museoaren laguntzarekin.
Lehen saioan, artearen teoriei dagozkien oinarrizko kontzeptuak eta aurre-historiako, Egiptoko zein Greziako, arte klasikoari buruzko xehetasunak ezagutzeko aukera izan zuten bertara inguratutako 30 lagunek. Bigarren saioan, arte bizantziarra, islamiarra eta aurre-erromanikoa landu zituzten, 45 lagun inguruk. Erromanikoaren eta gotikoaren hainbat zantzu ezagutzeko aukera ere izan zuten bukaeran.
Lehen bi saioetan Ordizia, Beasain, Zumarraga, Urretxu eta Legazpiko bizilagunek parte hartu dute.
Irteera San Telmora
Artearen historiari buruzko zikloari bukaera emateko, azaroaren 3an, Donostiako San Telmo museora irteera egingo dute, eta parte hartzaileek saioetan ikasitakoa bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Bestalde, abendurako Euskal Herria XIX. mendean zikloa antolatu dute.