Iker Zubeldiak eta Iñaki Apalategik ere aurrera egin dute G puntuan
Azpeitian jokatu zuten atzo G puntua txapelketaren final laurdenetako azken kanporaketa. Iker Zubeldiak eta Iñaki Apalategik hurrengo faserako txartela zuten jokoan, eta biek ala biek, aurrera egitea lortu dute. Eguraldiak bideetan hainbat arazo eragin bazituen ere, 1.500 lagun bildu ziren Izarraitz pilotalekuan. Orohar, saio ona izan zen, eta puntuazio aldetik ere, beste batzutan baino estuago ibili ziren bertsolari guztiak.
Inor ez dela bere herrian profeta esanez hasi zuen saioa Jokin Urangak; baina bera izan zen punturik gehien batu eta saioa irabazi zuena. Iker Zubeldiak berriz, eskailera azpian ezkutatuta egon dela eta “reserva edo binagrea” den egiaztatzera zetorrela esan zuen. Atzokoan gehiago izan zuen “reservatik” eta bigarren gelditu zen. Uranga eta Zubeldia, koplatan aritu ziren elkarrekin, eta saio borobila egin zuten biek. Iñaki Apalategik egin zuen hirugarren, eta aurreko biekin batera, final erdietan izango da.
SAILKAPENA
- Jokin Uranga 488
- Iker Zubeldia 478
- Iñaki Apalategi 472,5
- Unai Muñoa 466
- Arkaitz Oiartzabal 463
- Ane Labaka 451