Salto Bera Bera taldeko kideek erakustaldia eskaini zuten gurpildun aulkien gainean.
3×3 San Joan txapelketa integratzailea jokatu dute asteburuan Urretxun. Goierri kirol elkarteko saskibaloi sailak eta Eiluz Urola Garaiko gutxitu fisikoen elkarteak antolatu dute ekimena. Orain arte, Goierrik bere aldetik antolatu izan du 3×3 saskibaloi txapelketa. Eiluzek, aldiz, urteak zeramatzan kirol integratzailearen eguna ospatzen.
Aurten, gutxitasun fisikoa duten pertsonak gizartean integratzea helburu hartuta, lehenengo aldiz bi ekintzak batzea erabaki dute. Ion Pol Agirre Goierri saskibaloi saileko arduraduna «gustura» agertu da ekimenak izandako erantzunarekin. 3×3 saskibaloi txapelketa ostiralean eta larunbatean jokatu zen, maila ezberdinetako taldeetan banatuta. Guztira, 44 taldek hartu dute parte txapelketan. «Horietako hamar nesken taldeak izan dira», zehaztu du Agirrek.
Salto Bera Bera taldea
Behin txapelketa amaituta horrela gelditu dira emaitzak: mutilen artean benjamin mailan Euskaldunak taldea izan da lehenengo. Kimuen mailan Los Minibulls taldea sailkatu zen lehenengo, eta haurren mailan, berriz, PS izenekoa. Kadete-juniorren mailan Tapioka Zopa taldea izan zen onena, eta seniorren mailan Turpas McArthur izan zen sailkatzen lehena.
Nesken artean kimuen mailako onena La Salleko Lackers taldea izan zen. Haurren mailan, berriz, Pitillos sisters, eta amaitzeko, kadete-senior mailan Eiei!!! taldea.
Txapelketaz gainera, larunbatean saskibaloi integratzaileko jolasak izan ziren, baita trebezia txapelketak ere. Saskibaloi integratzailearen barruan, 11:00etatik aurrera Saski bote, Saski boccia edo Saski tartalo jokoetan aritzeko aukera izan zuen nahi zuenak. 12:00etan, berriz, Salto Bera Bera taldeko kideek erakustaldia eskaini zuten gurpildun aulkietan.
Bi trebezia txapelketa ere egin zituzten larunbatean. Goizean gurpildun aulkian slaloma osatu behar izan zuten. Imanol Betegi izan zen guztietan onena. Arratsaldean, zelai erdiko jaurtiketa librean aritu ziren. Joseba Salegi izan zen irabazlea. Biek Bi-Tartean elkarteko dendetan gastatzeko 75 euroko balea jaso zuten.