Zumarragako Zelai Arizti zineko kudeatzaile berriek bonuak erosteko aukera emango dute.
Zumarragako Udaleko osoko bilkuran aho batez onartu dute Zelai Arizti aretoa HTK Films enpresari alokatzeko proposamena. Enpresak aretoko programazioan, baliabideetan eta sarreretan berrikuntzak egingo ditu. Esate baterako, haurren sarrerak merketuko dituzte, eta hiru euroan salduko dituzte.
Prezio bera izango du ikusle eguneko sarrerak. Bonu sistema ere martxan jarriko dute. Helduek bost film hartuko dituen bonuaren truke 12,5 euro ordainduko dituzte, filmeko 2,5 euro. Hamar filmen bonuak 25 euroan salduko dituzte.
Milaneko Scala
Antena parabolikoa ere jarriko dute, eta programazioa zabalduko dute. Antena horrek emango dituen aukeren artean daude, adibidez, Milaneko (Italia) Scala aretoko operako emanaldiak ikusteko parada edo mundu mailako kirol ikuskizunak ikustekoa.
Proiektore digitala jarriko dute. Irailetik aurrera bi dimentsiotako irudiak ematen dituen proiektorea ipiniko dute Zelai Arizti aretoan. Urrats honekin digitalizatu egingo dituzte aretoko baliabideak. Enpresak hiru dimentsiotako proiektorea dauka, eta emanaldiak egingo dituztela iragarri dute. Egun horietan sarrerak garestitu egingo dituzte. Zine aretoan ikusi ahal izango diren filmen eta ikuskizunen berri emateko modua ere aldatuko du HTK Films enpresak. Kartel digital bat ipiniko dute aretoan, eta beste bat kalean.
Gerontologikoa amaituta
Osoko bilkuran onartu zituzten beste gaien artean, Lamorous Argixao gerontologikoarekin lotuta dago. Zentroaren eraikuntza lanak amaitutzat eman dituzte. 2008. urteko uztailean inauguratu zuten eta Zumarragako Udalak orain eraikinaren inguruko azken onespena egin du.
Eraikuntza enpresak zentroaren inguruetan egin beharreko lan guztiak behar bezala egin dituela ikuskatu eta gero, udalak onespena eman dio. Lan horien artean kaleko argiteria eta lorategia jartzea egon dira.
Udalak, bestalde, duela hiru urte inguru autobus geralekurako markesina erosita zuen. Markesina jarriko dute aurki gerontologikoko atarian.