Salamerok bere azken lana aurkeztuko du bihar
Andoni Salamero poeta zumarragarrak Martin Jauregialtzo argazkilari oñatiarrarekin batera egin duen azken olerki lana aurkeztuko du bihar, Urretxuko Labeaga aretoan.
Jauregialtzoren argazkietan du abiapuntua Japonia: Poesiaren sumendi ezkutua lanak. Oñatiarrak Japoniara egindako bidai batean ateratako argazkiak oinarri hartuta, olerkiak idatzi ditu Salamerok. Behin lan hori amaituta, liburua euskaratik japonierara itzuli zuten Arrasateko Goihata etxearen laguntzarekin.
Liburua koloretako argazkiz eta hauei jarritako olerkiz osatuta dago, eta hiru ataletan banatzen da. Orokorrean, «naturaz mintzo dira olerkiak; baita, hau aldatzeko eta birrintzeko lanean dabilen gizakiaren hiriaz ere», dio Salamerok.
Sentiberatasunaren atea
Lan honen bitartez, irakurleen «sentiberatasunaren atea» irekitzea dute helburu, Salamerok adierazi duenez. Bere hitzetan, «irekidura hau agertzen dugun bakoitzean besteen jarduna, kultura eta ohiturak ezagutzeko eta ulertzeko urratsak ematen ditugu».
Donostian aurkeztu zuten liburua ofizialki maiatzean, eta bihar ekimena errepikatuko dute Urretxun. Aurkezpena Labeaga aretoan egingo dute, 21:00etatik aurrera, eta hainbat ikuskizun prestatu dituzte ekitaldia janzteko.
Besteak beste, aurkezpenaren jardunean Oñatiko Ganbara Txiki abesbatzako kideek hartuko dute parte. Aitor Biain izango dute zuzendari, eta Eli Mendiaraz teklatuan. Mariaje Arratibel zumarragarrak flauta joko du eta Zuhaitzaren Soinua kolektiboak txalaparta doinuak eramango ditu. Guztien artean, ikusleak «Japoniako lurralde misteriotsura» gerturatzea da helburua.